George Bruno, Zoot Money izenarekin ezagunagoa, artista oso ezaguna izan zen Londresko R&B, jazz eta soul musikaren giroan. 60ko hamarkadan The Big Roll Band osatu zuen, besteak beste Andy Summersekin (The Police taldean arituko zena). 1967an talde psikodeliko paralelo bat sortu zuten bi musikariek eta 1968an The New Animalsen parte hartu zuten.
Zoot Money abeslari eta teklista George Bruno izenarekin jaio zen Dorseten (Ingalaterra) 1942an. 60ko hamarkadaren hasieran, The Big Roll Band taldea sortu zuen, Andy Summers gitarrista (garai hartan Andy Somers deitzen zen), Paul Williams baxu-jotzailea, Johnny Almond eta Nick Newall saxofonistak, eta Colin Allen bateriarekin.
Londresko R&B musikan pertsonaia ezagunenetakoa izan zen Zoot Money. Jazzean eta soulean ere mugitzen zen. Ray Charles, James Brown eta Lee Dorsey bezalako maisuen kanten bertsio bikainak egiten hasi ziren Money eta bere taldea. Horrela, blues, jazz eta soul erritmoak gustuko zituzten pertsona ugari euren zale egin ziren. Halere, mod mugimenduko jarraitzaileen artean lortu zuten fama handiena.
Denbora tarte batean, Blue Incorporated Alexis Kornerren taldearekin jo zuten Moneyk eta bere bandak. Ondoren, hainbat klubetan kontzertuak ematen jarraitu zuten. Flamingon emanaldi ugari eskaini zituzten.
Zoot Money's The Big Roll Band taldearen lehen singleak 1964an ikusi zuen argia, "The Uncle Willie" izenburupean. Decca diskoetxearekin grabatuta, bere lekutxoa egin zuen musikaren merkatuan. Bestalde, britainiarren lehen LPa, It should have been me, 1965ean publikatu zuten Columbia Records produkzio-etxearekin. Besteak beste, "Good", "Please stay", "Something is worrying me" eta "The many faces of love" abestiak kaleratu zituzten urte horretan bertan.
Moneyren taldeak zenbait aldaketa izan zituen. Johnny Almond saxoaren ordez, Clive Burrows sartu zen, eta Jeff Concon tronpeta-jotzailea ere sartu zen. Gauzak horrela, kontzertu indartsu ugari bildu zituzten Zoot!- Live at Klook's Kleek zuzeneko lanean, 1966an. Urte horretan, "Let's run for cover" eta "Big time operator" single ahaztezinak editatu zituzten. "Big time operator" kantarekin, salmenta-zerrenda britainiarretan 25. postua lortu zuten, eta horixe izan zen euren garaipen komertzial handiena.
1967an, Zoot Moneyk berak, Andy Summersek, Collin Allenek eta Pat Donaldsonek (baxu-jotzailea) The Big Roll Bandaz aparte, talde paralelo bat sortu zuten. Urte horietan AEBetan jaio zen hippy mugimenduaren eragina jasota, kutsu psikodelikokoa izan zen talde berria, Dantalion's Chariot izenekoa.
1968an, R&B, jazz eta soul musikara itzuli ziren eta Transition diskoa kaleratu zuten. Urte berean, Moneyk eta Andy Summers gitarristak Big Roll Banda utzi zuten eta Eric Burdon buru zuen The Animals taldearen formazio berriko kide izatera pasatu ziren. AEBetara joan berriak ziren The New Animalsekoak.
Welcome to my head (1969) eta Zoot Money (1970) argitaratu ostean, Zoot Money telebistaren munduan sartu zen. Andy Summers gitarrista, bestalde, oso ospetsu egin zen 70eko hamarkadaren amaieran, The Police hirukote arrakastatsuaren parte izan baitzen Sting eta Stewart Copeland musikariekin batera.
(Argazkien iturria: www.zootmoney.org)