Itzuli orri osora
The Velvet Underground: berandu etorritako ospea
vie, 30 mar 2007 18:27:00 +0200

Lou Reed eta John Cale musikari handiak buru zituen talde newyorktar hau bere garaian gutxietsi egin zuten. Jardunean zegoenean arrakasta lortu ez bazuen ere, musika modernoaren garapenean eragin gehien izan duten taldeetako bat da. The Velvet Underground existitu izan ez balitz, punka bezalako mugimenduak edo soinu alternatiboko taldeak ez ziren sortuko.

The Velvet Underground (VU izenaz ere ezaguna) New Yorken sortu zen 1964an. Garai hartan, Lou Reed abeslari, gitarrista eta konpositorea unibertsitatean ari zen eta, aldi berean, Pickwick Recordsen egiten zuen lan. Diskoetxean, John Cale, AEBetara musika klasikoa ikastera joan zen galestarra, ezagutu zuen. The Primitives taldea osatu zuten elkarrekin.

Reedi eta Caleri Sterling Morrison gitarrista eta Angus McLise bateria batu zitzaizkien, eta The Warlocks deitzera pasatu ziren; geroago, The Falling Spikes deitu ziren. Handik gutxira, bateriaren lekua Maureen Tuckerrek hartu zuen.

Kalean aurkitu zuten sadomasokismoko liburu baten titulutik hartu zuten The Velvet Underground izena. Cafe Bizarre izeneko lokal batean kontzertua eman zuten eta Andy Warhol pop art mugimenduaren sortzaileak emanaldia ikusi zuen. Warhol laukotearen manager eta ekoizle egin zen ondoren. Garai hartako banda estatubatuarren oso desberdina zen VU. Noise musika distortsionatua egiten zuten, eta sadomasokismoaz eta heroinarekiko mendetasunaz abesten zuten.

Nico aktore alemaniarra abeslari gisa sartzea iradoki zuen Warholek. Ideia hori Reed eta Cale musikarien gustukoa izan ez arren, azkenean onartu egin zuten Warholek eman ahal zien promozioa aprobetxatzeko. Horrela, The Velvet Underground & Nico sortu zen.

1966an, newyorktarrek The Velvet Underground & Nico lehen LPa grabatu zuten; halere, 1967ra ez zuen argia ikusi. Diskoaren azalak Warholek diseinatutako platano ospetsua zeukan. Lanak emaitza txarra izan zuen salmentetan. Diskoa osatzen zuten kantak avant-garde eta pop-rock erritmoen nahasketa ziren, eta horien artean aipatzekoak dira "All tomorrow's parties", "Femme Fatale", "Heroin" eta "Venus in furs".

Lehen LPak hain eragin eskasa izan ondoren, Nico eta Andy Warhol bandatik atera ziren. Handik gutxira, VU estudioetan sartu zen White light, white heat bigarren lana grabatzeko. 1968an ikusi zuen argia. Lan antikomertziala zen, taldearen ezaugarri bereizgarrienak zituena, hala nola noisea, distortsioa eta atonalismoa. "The gift", "I heard her call my name" eta "Sister Ray" kantak bildu zituzten bertan.

John Cale taldetik atera zen

Lou Reedek eta John Calek eztabaida gogorrak izan zituzten elkarrekin, eta, azkenean, Calek taldea utzi zuen. Haren lekuan Doug Yule Grass Menagerieko kide ohia sartu zen.

Taldekide esperimentalena eta abangoardistena gabe, The Velvet Underground hirugarren lana kaleratu zuten 1969an. Aurrekoak baino lan tradizionalagoa eta lasaiagoa zen, baina bikaina ere bazen. Halere, ez zuten ale asko saldu. Loaded (1970) apartarekin ere gauza bera gertatu zen.

Lou Reed ere VUtik kanpo

1970ean, Lou Reedek banda uztea erabaki zuen eta bakarkako ibilbide arrakastatsuari ekin zion. Sterling Morrison eta Maureen Tucker ere bandatik irten ziren. Doug Yulek, bestalde, taldearen buruzagitza hartu eta Squeeze (1973) publikatu zuen. Oso kritika txarrak izan zituen disko horrek, izan ere, ez zeukan zerikusirik Reedek eta Calek aurreko diskoetan sortutako musikarekin.

Jatorrizko kiderik gabe, VUk bere soinu bereizgarria galdu zuen, eta, horrela, azken kontzertua eskaini zuten 1973ko apirilean.

The Velvet Undergrounden musika ez zuten behar bezala baloratu bere garaian, baina, urteek aurrera egin ahala, taldearen materialaren balioa asko handitu da, eta kritikariek zein publikoak VUren handitasunaz gozatzen dute.

(Argazkien iturria: 1. members.aol.com/olandem/vu.html. 2. www.thevelvetunderground.co.uk. 3 eta 4. www.badreputation.de/velvets.html. 5. www.audiokat.com)