60ko hamarkadan AEBetan sortutako pop eta folk-rock musikako talde esanguratsuenetakoa da The Turtles. "It ain't me babe" Bob Dylanen kantaren bertsio bati esker euren burua ezagutarazi zuten eta, handik aurrera, besteak beste, "Happy Together", "She'd rather be with me", "You know what I mean" eta "She's my girl" abesti arrakastatsuak publikatu zituzten.
The Turtles ez zen izen horrekin jaio. Aurretik, The Nightriders surf musikako taldea izan zen. Banda hori 1964an, Los Angelesen sortu zuen Westchester High institutuko lagun-talde batek. Banda horretako kideak Howard Kaylan (saxofoia), Al Nichol (gitarra), Chuck Portz (baxua) eta Don Murray (bateria) ziren. Geroago, Kaylanen lagun bat (Mark Volman) eta Jim Tucker (gitarra erritmikoa) taldean sartu zirenean, Crossfires izena hartu zuten.
Los Angeleseko klubetan kontzertuak ematen hasi ziren eta, bertan, popa eta The Byrds taldearen antzeko folk-rocka uztartzen zituzten. Besteak beste, "Fibreglass Jungle" eta "Saints and the sidewalk surfer" kantak grabatu zituzten. Reb Foster, Crossfiresek jotzen zuen lokal horietako baten jabea, haien manager egin zen eta, hari esker, 1965ean kontratua sinatu zuten White Whale Recordsekin.
Diskoetxearen nahiari jarraituta, Crossfiresek izena aldatu zuen eta, horrela, The Turtles jaio zen. Izen berriarekin kaleratu zuten lehen kanta "It ain't me babe" Bob Dylanen abestiaren bertsioa izan zen. Horri esker, salmenta onak lortu zituzten eta zerrenda estatubatuarretako zortzigarren postuan jarri ziren. It ain't me babe (1965) izeneko LPak ez zituen emaitza onak lortu merkatuan, baina chart britainiarretan sartu zen. Hurrengo singleak, "Let me be" eta "You babe", salmenta-zerrendetako lehen hogeita hamar postuetan izan ziren. "Grim Reaper of love" laugarren singlea, ordea, The Turtlesen lehen porrota izan zen. Ondoren, You Babe (1966) bigarren diskoarekin eta "Outside Chance" singlearekin ere porrota jaso zuten.
Garai txar haren ondoren, aldaketak izan ziren taldean. Don Murray bateriaren ordez John Barbata sartu zen eta Chuck Portz baxu-jotzailearen lekua Chip Douglasek hartu zuen. Halere, handik gutxira, Jim Ponsek ordezkatu zuen Douglas. Kide berriekin, The Turtlesek "Can I get to know you better" singlea plazaratu zuten; honek ere ez zuen arrakasta handirik izan musika-dendetan. Taldearen berpiztea "Happy Together"-ekin iritsi zitzaien.
"Happy Together" abestiak lehen postua lortu zuen AEBetako zerrendetan eta, horri esker, Los Angeleseko taldea mundu osoan ospetsu egin zen. "She'd rather be with me", "You know what I mean" eta "She's my girl" bandak kaleratu zituen hurrengo singleek pop amerikarraren elitean jarri zuten taldea.
Happy together (1967) LPa grabatu baino lehen, Jim Tucker gitarristak banda utzi zuen. Taldearen arrakasta handieneko kantak eta Kaylanek eta Volmanek konposatutako beste abesti batzuk ("The Walking Song" eta "Think I'll Run Away", esaterako) bildu zituzten disko horretan.
The Turtles Golden Hits (1968) bilduma izan zen taldearen disko salduena, baina ondoren publikatu zituzten singleek ez zuten harrera ona izan publikoaren aldetik. Ez "Sound Asleep" ezta "The story of rock and roll" ere ez ziren salmenta-zerrendetako lehen postuetara igo. "Elenore", ordea, munduko Top 10 askotan sartu zen. Taldearen hurrengo diskoa The Turtles presents the battle of the bands (1968) izan zen. The Turtlesen azken diskoa Turtle Soup (1969) izan zen, eta egia esan, ez zuten emaitza ona izan merkatuan. Taldeak argitaratu zuen azken singlea, bestalde, "Lady-O" izan zen. Handik denbora gutxira, talde estatubatuarra desegin egin zen.
1970ean, Kaylan, Volman eta Pons musikariek Mothers of Invention Frank Zapparen taldean parte hartu zuten. Geroago, Kaylanek eta Volmanek Flo & Eddie banda osatu zuten eta, gainera, Marc Bolanen T. Rex taldean kolaborazioak egin zituzten. 80ko hamarkadan, The Turtles izena berreskuratu zuten euren herrialdean kontzertu-bira arrakastatsua emateko.