Itzuli orri osora
Chris Farlowe, The Thunderbirds taldeko burua
vie, 29 sep 2006 18:26:00 +0200

60ko hamarkadako Britainia Handian, R&B, soul eta pop musiketako ahotsik indartsuenetakoa izan zen Chris Farlowe londrestarra, The Thunderbirds taldearen lider moduan. Hamarkada erdialdean lortu zuen arrakasta handiena, besteak beste, "Out of time" singleari esker.

Chris Farlowe (John Henry Deighton) 1940ko urriaren 13an jaio zen Londresen, eta 50eko hamarkadaren amaieran hasi zen musikaren munduan, skiffle talde batzuetan parte hartzen. Hamarkada berrian sartzean, The Thunderbirds taldearen buru egin zen, eta, haiekin batera, R&B musika interpretatzeari ekin zion Britainia Handiko hiriburuko zenbait klubetan; gainera, Europako bete herrialde batzuetan, Alemanian esaterako, kontzertuak eskaini zituen.

Albert Lee gitarrista, Ricky Chapman baxu-jotzailea, Johnny Wise bateria eta Dave Greenslade teklista ziren Thunderbirds taldeko kideak. Geroago, Pete Solley teklatuan eta Carl Palmer baterian aritu ziren.

1962an, Farlowek eta bere bandak "Air Travel" izeneko singlea grabatu zuten Decca diskoetxearekin. Single horren B aldea "Why did you break my heart?" zen. Produkzio-etxe ezagunak lortu nahi zituen emaitzak ez zituztenez izan, Chris eta Thunderbirdsak ez ziren diskoetxera itzuli 1965era arte; urte horretan, EP bat grabatu zuten bertan.

1963an, Columbiarekin sinatu zuten eta "I remember", "Girl Trouble", "Just a dream" eta "Hey Hey Hey" singleak publikatu zituzten bertan. Abesti horiek ere ez zuten lortu arrakasta handirik. Columbiarkein editatu zuten azken singlea "Buzz with the fuzz" izan zen, 1965ean.

Urte horretan, Mick Jaggerek The Thunderbirds taldean interesatu zen eta banda gomendatu zion Andrew L. Oldhami bere diskoetxean (Immediate) grabatzeko. Horrela, "The Fool" Lee Hazlewoodek eta Naomi Fordek idatzitako kanta atera zuten argitara.

Chris Farloweren arrakasta handiena 1966an iritsi zen, Mick Jaggerek eta Keith Richardsek idatzitako abesti batzuen moldaketak publikatuta. Lehena "Think" izan zen, bigarrena "Out of time", eta hirugarrena "Ride on baby".

1966a urte oparoa izan zen Chris Farlowe eta The Thunderbirdsentzat, izan ere, Chris Farlowe and The Thunderbirds (Columbia), 14 things to think about eta The art of Chris Farlowe (Immediate) diskoak kaleratu zituzten. Horrez gainera, Farlowek, Joe Cook ezizenpean, Stormy Monday EPa grabatu zuen Island Recordsekin.

1967an, besteak beste, "My way of giving", "Moanin" eta "Handbags and gladrags" singleekin lehen postuan izan ziren zenbait aldiz. Halere, Farloweren ibilbide musikala The Thunderbirdsekin maldan behera joan zen.

Urtebete beranduago, 1968an, "The last goodbye" Mike D¿Aboren kanta eta "Paint it black" Rolling Stonesen abestia publikatu ondoren, Farlowek Immediate diskoetxearekin harremana eten zuen.

Hainbat porrot jaso ostean, Chris Farlowek Thunderbirdseko proiektua utzi zuen eta The Hill taldera batu zen; geroago, gainera, besteak beste, Colosseum eta Atomic Rooster taldeekin lan egin zuen.