McGuinnen gitarraren soinuak, Crosbyren ahots armoniatsuak, Hillmanen eta Clarken erritmoak eta Gene Clarken konposiziorako trebetasuna izan ziren The Byrds 60ko hamarkadako taldearen ezaugarri nagusiak. Geroago, Gram Parsons sartu zen taldean eta country soinuak ekarri zituen.
The Jet Set 1964an sortutako folk hirukotea izan zen The Byrds taldearen jatorrizko banda. Talde horretan, Jim (Roger) McGuinn -izena aldatu zuen 1968an, erlijio-kontuak zirela eta-, Gene Clark eta David Crosby zeuden. Geroago, musika-tresna elektrikoak erabiltzen hasi zirenean, The Beefeaters izena hartu zuten eta, single bat grabatu zuten, "Please Let Me Love You" izenburupean.
Jim Dickson managerra taldean sartu zenean, Chris Hillman baxu-jotzailea hartzeko gomendatu zien. Handik egun batzuetara, Michael Clarke bateria ere sartu zen. Horrela jaio zen The Byrds.
The Byrdsen lehen singlea Bob Dylanen kanta bat, "Mr. Tambourine Man", izan zen. Abestiari ukitu desberdina eman zioten, McGuinnek gitarrarekin sortzen zituen soinu armonikoei eta melodikoei esker. Arrakasta handia lortu zuten singlearekin eta mundu osoko zerrendetan lehen postura iritsi ziren. Ondoren, lehen diskoa kaleratu zuten eta abestiaren izen bera jarri zioten, Mr. Tambourine Man (1965), hain zuzen. Bertan, Dylanen eta Pete Seegeren kanten bertsioak sartu zituzten; gainera, pop abestiak, gehienak Gene Clarkek konposatutakoak, bildu zituzten.
AEBetako musika-talde nagusietakoa bihurtu zen The Byrds. "Turn, Turn, Turn" (Pete Seegeren abestiaren bertsioa zen) izeneko singleari esker, Iparramerikako zerrendetako postu gorenera heldu ziren berriz. Bestalde, Turn, Turn, Turn (1965) LPa arrakasta handiko diskoa izan zen eta, bertan, besteak beste, "It won't be wrong" eta "Set you free this time" kantak entzun zitezkeen.
Musikaren munduan famatu bilakatuta, The Byrds taldeak aldaketa batzuk jasan zituen. "Eight Miles High" singlea grabatu ostean, Gene Clark taldetik irten zen, hegazkinez bidaiatzeari beldurra baitzion; bandaren ospea zela eta, maiz hartu behar zuten garraio hori kideek. Horrela, McGuinnek, Hillmanek eta Crosbyk abestiak konposatzeari ekin zioten, eta oso emaitza onak lortu zituzten. Fifth Dimension (1966) diskoa aurrekoak baino esperimentalagoa izan zen eta soinu psikodelikoagoak erabili zituzten, folk-rocka eta popa alde batera utzi gabe.
Younger Than Yesterday (1967) laugarren diskoa grabatzeko, Chris Hillmanek "So you want to be a rock'n'roll star", "Have you seen her face" y "Thoughts and Words" kantak idatzi zituen. Gainera, country ukituak sartu zituzten lan horretan.
Taldearen soinua aldatzeak barne-arazoak ekarri zituen Crosbyren, Hillmanen eta McGuinnen artean. Hori dela eta, Crosbyk taldea utzi zuen, The Notorious Byrds Brothers (1968) disko berria grabatzen ari zirela. Une horretan, Clark itzuli egin zen, baina denbora laburrez egon eta berriro alde egin zuen taldetik; Michael Clarke bateriak ere ez zuen The Byrdsekin jarraitu.
Handik gutxira, Gram Parsons gitarrista eta Kevin Kelly bateria batu ziren taldera. Kide horiekin batera, Sweetheart Of The Rodeo (1968) The Byrdsen seigarren lana publikatu zuten; countrya eta rocka uztartu zituzten bertan. Halere, Parsonsek taldea utzi eta Hillman eraman zuen berarekin, The Flying Burrito Brothers banda sortzeko.
McGuinnek, jatorrizko taldearen kide bakarrak, zenbait disko grabatu zituen countryaren munduko beste musikari batzuekin. Dr. Byrds & Mr. Hyde (1969), Balad of Easy Rider (1969), Untitled (1970), Byrdmaniax (1971) eta False Start (1972) lanak egin zituen. Azken disko horren ondoren, proiektua uztea erabaki zuen McGuinnek.
1973an, hasierako taldekideak elkartu ziren eta The Byrds (1973) diskoa grabatu zuten, baina ez zuten lortu espero zuten arrakasta. Gene Clark 1991eko maiatzaren 24an zendu zen eta Michael Clarke, 1993ko abenduaren 19an. Hori dela eta, The Byrds taldearen hasierako kideak ezin izan ziren berriz elkartu.