Zazpi urte zituela, itsu geratu zen Charles, eta hainbat musika-estiloren arteko mugak esploratu zituen bere ibilbide osoan. Haietan guztietan, bere ahots sakon eta epelaren arrastoa utzi zuen. Musikariak, besteak beste, Elvis Presley, Aretha Franklin, Stevie Wonder eta Billy Joel abeslariengan izan zuen eragina.
Ray Charles abeslari, pianista eta konpositorearen heriotzarekin, Ameriketako Estatu Batuek mito musikal nagusietakoa galdu zuen. Charlesek kutsu berria eman zion soularen, gospelaren eta bluesaren arteko nahasketari.
Charles zazpi urte zituela geratu zen itsu, eta hamabostekin, berriz, umezurtz. Ibilbide artistikoaren hastapenetik, hainbat musika-estiloren arteko mugetan ibili zen, eta bere ahots sakon eta epelaren aztarna utzi zuen guztietan.
73 urteko musikariak gibeleko gaitz larria zuen aspalditik, eta horrek ekarri omen dio heriotza. Soul, gospel eta blues estiloak rockaren ukitu txikiekin nahastuta egin zituen kantuengatik nabarmendu zen batez ere, eta abesti asko sortu zituen. Haren abestirik ezagunena Georgia on my mind jaioterriari egindako gorazarrea izan zen.
Charles pianista handiak Grammy sari ugari bereganatu zituen, bederatzi 1960-1966 bitartean. Arrakasta handienen artean, What'd I say , This little girl of mine eta Drown in my on tears abestiak daude. Charlesek 1951. urtean egin zuen lehenengo grabazioa, eta, poliki-poliki, rythm & blues estilora jo zuen. 1960an, ospe handia bereganatu zuen What'd I say abestiarekin.
Ray Charles bluesaren eta gospelaren maisua zen, baina countrya eta rocka ere jorratu zituen. Oso polifazetikoa zenez, hainbat filmetan ere agertu zen, abeslari, konpositore edo gonbidatu berezi bezala. Besteak beste, In the heat of the night eta The Blues Brothers pelikuletan jardun zuen.
Musikariaren azken diskoak Grammy sari ugari lortu zituen 2005ean
Soularen erregeak hil aurretik grabatu zuen Genius Loves Company diskoak jaso zituen txalo gehien 2005eko Grammy sarietan.
Dudarik gabe, Grammy sarien 47. edizioko izarra, souleko artista handia Ray Charles zena izan zen, zortzi Grammy irabazi baitzituen bera hil ostean argitaratu zen obrarekin, Genius Loves Company-rekin. Tartean diskorik onenaren eta urteko grabaziorik onenaren sariak lortu zituen.