Woodstock, XX. mendeko musika jaialdirik handiena eta ikusgarriena, belaunaldi baten ikurra izan zen. Milaka eta milaka gazte inkonformista bildu ziren kontzertu-sorta historikoan, bake-grina eta maitasun askea lau haizeetara aldarrikatzeko eta orduko sistemaren aurka agertzeko. Garai hartan ezagunak ziren musika-talde eta bakarlariek parte hartu zuten, baita gerora oso ezagun egingo ziren zenbait artistak ere.
Woodstock jaialdi mitikoa 1969. urtean egin zen Bethel herrian, New Yorkeko estatuan (AEB), Bakea eta musika hiru egunez lelopean. Abuztuaren 15ean hasi eta handik bi egunetara, hilaren 17an, bukatu zen.
Arnold Skolnick artistak diseinatu zuen jaialdiaren ikurra, eta Bakearen Usoa erakusten zuen, gitarra elektriko baten gainean pausatuta zegoela. Hasiera batean, negozioa egin nahi izan zuten gazte batzuek kontzertuak antolatuta, baina ez zuten imajinatu ere egin ikuskizunak zer neurri hartu behar zuen. 60.000 lagunentzat antolatzeko asmoa zuten, baina askoz jende gehiago bildu zen (400.000 pertsonatik gora) bi mila eta bostehun metro karratuko zelaian.
60ko hamarkadan, Vietnameko gerran buru-belarri sartuta zeuden AEBak, eta Gobernuak gazte ugari bidali zituen borrokatzera. Gazte askok ez zuten gerra hori ulertzen, eta horren aurkakoak gero eta gehiago ziren. Giro horretan, mugimendu kultural eta artistiko bat sortzen hasi zen. Woodstocken bildu ziren gazteak gerraren aurka zeuden, natura babestearen aldekoak ziren eta jarritako sistemari aurre egiten zioten, bai jantzien bidez bai maitasun askea aldarrikatuz. Hippie esaten zieten eta jaialdiak antolatzen hasi ziren. Haietan, musika ez ezik, artearekin eta kulturarekin lotutako beste diziplina batzuk ere jorratzen ziren.
Garai hartako hainbat musikari handik parte hartu zuten jaialdian, baita, orduan ezezagunak izanda ere, gerora artista garrantzitsu bihurtu diren asko ere. Azken horien artean Joe Cocker eta Santana daude, adibidez. Woodstocken, baina, horiez gain The Who, Neil Young, Jefferson Airplane, Creedence Clearwater Revival, Joan Baez, Bob Dylan, Blood, Sweat and Tears, Jimi Hendrix eta Janis Joplin handiak aritu ziren. Azken bi hauen ibilbideek, hala ere, ez zuten askoz gehiago iraun; izan ere, jaialdia ospatu eta urtebetera hil ziren biak, heroina gaindosi banak jota. Woodstocken eman zuten, hain zuzen, euren bizitzako kontzerturik handiena.
Richie Havensek eman zion hasiera jaialdiari (abuztuaren 15ean, arratsaldeko 5etan) eta bi ordu egin zituen eszenatoki gainean. Azkena, berriz, Jimi Hendrix izan zen (abuztuaren 18ko goizaldean), eta asko alde eginda zeuden ordurako.
Ordaindu zieten diruari begiratuta, Jefferson Airplane, The Who eta Creedence Clearwater Revival taldeak izan ziren garrantzitsuenak, 12.000 dolar inguru jaso baitzituen bakoitzak. Askoz gutxiagoren truke jo zuen gitarra Santanak; orduan, talderik eta diskorik ez zeukan artista ia ezezaguna zen.
Jefferson Airplane taldeari dagokionez, hippismoaren adierazgarririk onena zen garai hartan. Acid rock musika jotzen zuen San Frantziskoko taldeak, ukitu psikodeliko nabarmenaz jantzita.
Creedence Clearwater Revival, berriz, country ukituak zituen rock-and-roll taldea zen. 1969-70 urteetan oso ezagunak izan ziren, baina Woodstocken ez omen zuten bere kontzerturik onena eman. Grateful Death taldearen ostean jo zuten goizaldeko hiruretan, ikusle asko lo zeudela.
Oso bestelako emanaldia egin zuen Jimi Hendrixek Woodstocken, batez ere, "Star Spangled Banner" AEBetako ereserkiaren interpretazioari esker. Rock musikaren historiako gitarristarik handiena izan zen askoren aburuz; izan ere, tradizioa eta abangoardia lotzen jakin zuen, gitarra elektrikoaren soinu-errekurtsoak muturreraino eramanda. Bere estiloa garatu zuen Hendrixek, baina bat-batean eten zen bide hori, 27 urterekin hil baitzen.
Janis Joplin ere 27 urterekin hil zen. Holding Company taldeko abeslariak jarraitzaile asko zituen, bere ahots urratu dramatikoari eta jarrera ironikoari esker. Hamar kanta abestu zituen Joplinek; horien artean, "Piece of my heart" eta "To love somebody".
Batzuen ustez, Woodstock musika-jaialdiak mundua aldatu zuen; besteen ustez, berriz, zinismo eta gaiztakeri egunak baino ez ziren izan. Argi dagoena da rock kontzertu eta jai erraldoi honek mugarria jarri zuela AEBetako gizartean.