Itzuli orri osora
The Verve, ez zurekin ez zu gabe
vie, 18 dic 2009 16:17:00 +0100

Etengabeko barne eztabaidak, osasun arazoak, droga-menpekotasunak, auzi judizialak. Bidean oztopo anitz aurkitu arren, The Vervek 90eko hamarkadako britainiar talderik garrantzitsuenetako bat bezala finkatzea lortu zuen. Richard Ashcroft abeslaria buru, Wigango (Ingalaterra) taldea britpoparen aitzindarietako bat izan zen, eta Blur, Oasis edo Pulp taldeekin batera, generoa maila gorenera eraman zuen. 90eko hamarkada erdialdera aldi baterako banatu ostean, laukotea agertokietara itzuli zen eta generoak emandako disko nagusietako bat (Urban hymns) kaleratu eta Erresuma Batuko industria musikalaren sari garrantzitsuenak lortu zituen. 1999an, ordea, kantariaren eta gitarristaren arteko etengabeko eztabaidek laukotea bigarrenez banatzea ekarri zuten. Zortzi urte geroago, The Verve batu egin zen berriz eta 2008 erdialdera lan berria kaleratu eta bira egin zuen. Aitzitik, taldea hirugarrenez banatu dela baieztatu dute aurtengo udan taldeko bi kidek. Oraingoa behin betikoa izango al da?

The Verve taldea 1989an sortu zen Ingalaterrako Wigan hirian. Garai hartan Verve izenaz ezagutzen zen banda Richard Ashcroft kantariak, Nick McCabe gitarristak, Simon Jones baxu-jotzaileak eta Peter Salisbury bateria-jotzaileak osatzen zuten. 60eko eta 70eko hamarkadetako hainbat britainiar talderen (tartean The Beatles, Pink Floyd edo Rolling Stones) eraginen eta rock psikodeliko baten uztarketa bikain bati esker, Vervek diskoetxeen interesa piztu eta, 1992an, EP bat kaleratu zuen: Verve EP.

Urte bat geroago, 1993an, taldeak lehen disko ofiziala kaleratu zuen: A storm in heaven. Gitarra efektuetan, bikoiztutako ahotsetan eta soinu esperimentaletan oinarrituta, diskoak primeran biltzen zuen Verven musikaren psikodelia bereizgarria. Lanak oso harrera ona izan zuen, batez ere kritikaren aldetik. Diskoaren aurkezpen bira amaitu bezain pronto, taldeak izena aldatu behar izan zuen; izan ere, Verve izeneko jazz diskoetxe batek taldea auzitara eraman zuen copyright eskubideak urratzeagatik. Hortaz, laukoteak The Verve izena jarri zion taldeari.

1995ean, behin izen berria estreinatuta eta droga kontsumoak eta Ashcroften eta McCaberen arteko eztabaidek sortutako zenbait barne liskar gaindituta, The Vervek bere bigarren diskoa kaleratu zuen: A northern soul. Kasu honetan, soinu psikodelikoa alde batera utzi zuten eta rock alternatibo klasikoari heldu zioten. Diskoa kaleratu eta ondorengo hilabeteetan, taldeko kideen arteko harremana jasanezina bilakatu zen; izan ere, diskoak aurreikusitako emaitza komertzialak lortu ez zituenez barne eztabaidak handitu ziren. Azkenik, taldea banatu egin zen.

Halere, banaketa une batekoa izan zen. Aste gutxiren ondoren, Ashcroftek taldeko kideak deitu zituen taldearen hirugarren diskoaren prestaketari ekiteko; hori bai, McCabek proposamenari uko egin zion eta Simon Tong teklatu-jotzaileak eta gitarristak ordezkatu zuen. Hain zuzen, lan berria grabatzera zihoazenean McCabek taldera itzultzea erabaki zuen eta banda boskote izatera pasatu zen. Taldea osatuta zegoela, The Verve bere hirugarren diskoaren grabaketa lanetan murgildu zen erabat.

Lan horren emaitza britpop estiloak emandako diskorik garrantzitsuenetako bat izan zen: Urban hymns. 1997ko irailean kaleratuta, lan hau nazioarteko ospearen lorbidea izan zen bandarentzat. 3 milioi kopiatik gora salduta, urte hartan Erresuma Batuan gehien saldu zen diskoetako bat izan zen. Gainera, nazioarteko zerrendetan ere sartzea lortu zuten musikariek, bereziki "Bitter sweet Symphony" kantari esker. Arrakastaren eskutik, sariak ere heldu ziren: Urteko diskorik onenaren eta Urteko talderik onenaren sariak eskuratu zituzten 1998ko Brit Awards sariketa ospetsuan.

Nahiz eta bolada ona izan, diskoaren aurkezpen biran bertan hasi zen taldea behea jotzen. Ashcroften eta McCaberen arteko eztabaidak etengabekoak ziren, eta azkenean, gitarristak taldea utzi zuen. B.J. Cole musikariak ordezkatu zuen, baina une baterako konponbidea baino ez zen izan. Handik denbora gutxira, 1999ko apirilean, banda ofizialki banatu zen, bigarrenez.

Zortzi urte geroago, 2007an, The Verve taldeko jatorrizko kideak batu ziren; hau da, Ashcroft, McCabe, Jones eta Salisbury. 2008ko erdialdera, laukoteak bere laugarren diskoa (Fourth) kaleratu zuen eta bira bati ekin zion. Ameskeria hutsa. Simon Jones eta Nick McCabe musikariek aurtengo udan jakinarazi dutenez, 2008ko abuztutik ez dute inolako harremanik izan Richard Ashcroftekin, eta hortaz, ez dute taldearekin jarraitzeko inolako asmorik. Laukote britainiarra banatzen den hirugarren aldia da. Azkena akaso?

(Argazkiak: Lastfm )