Itzuli orri osora

Sismografoa

Sismografoa da zientzialariek lurrikarak neurtzeko erabiltzen duten tresna. Lurrikara gertatzen denean lurraren mugimenduak erregistratzea da sismografoaren xedea. Alabaina, bereizi egin behar ditu lurrak eragindako astinduak eta beste zerbaitek, adibidez laborategiaren ondotik igarotzen ari den kamioi batek eragiten dituenak. Horregatik, sismografoek zimendu bereiziak izaten dituzte eta lurrazpiko harkaitzei atxikita egoten dira. Bestalde, aski sentikorrak izan behar dute eta lurra mugitzen denean mugitu egin behar dute.

Horregatik, masa handi bat izaten dute (500 kg-koa adibidez) eta palankak edo anplifikadore elektronikoak seinalea handitzeko eta horrela oso dardara txikiak ere atzemateko, eta luma bat paper jarraiki batean denboraren araberako mugimenduen grafikoa marrazteko.