Informazio gehiago
Arte erromatarra (I)
Erromatarrek etruskoen gizarte-antolakuntza, arkitektura eta artea bereganatu zituzten. Hala eta guztiz ere, erromatarren zabaltze nahiari eta res publikoarekiko interesari esker, arte-forma berriak sortu ziren, hala nola akueduktuak, galtzadak, garaipen-arkuak, basilikak, tenpluak, antzokiak, anfiteatroak eta termak. Erromatarren gustukoak ziren pintura- eta eskultura-agerpenak ere sortu ziren, 29 urtean hasitako aro inperialean garrantzitsuenak.
Erromako herri-arkitektura
Erromako arkitektura-lanek arte-produkzioa eta erlijioa lotzen zituen abiaburua alde batera utzi zuten, eta Estatuaren interesak kontuan hartzen hasi ziren (horrela, arte politikoa, estatukoa eta hirikoa sortu zen).
Erromako hiria kanpalekuen antolatzean oinarrituta zegoen: gurutzea osatzen zuten bi kale zituen, hiria lau lurraldetan antolatzen zutenak. Bide batek, cardo izenekoa, Ipar-Hegoaldeko ardatza osatzen zuen, eta decumano izeneko beste batek Eki-Mendebaldekoa. Foroa zegoen haien gurutzean.
Erromatar hiri-arkitektura eraikuntza oinarrizkoak hauexek ziren:
- Foroa arkupeko plaza zen; bertan zeuden herri-eraikinak, eta komertzioa eta erlijioa garatzen ziren.
- Nabe kopuru bakoitiko eta luzetarako solairuko eraikina zen basilika, merkatu, banku eta epaitegiaren funtzioak betetzen zituena.
- Termak ziren bainuetxeak. Igerileku hotza (frigidarium), ur beroko igerilekua (caldarium), aldagelak (apodyterium) eta gimnasioak zituzten.
- Antzokiaren egitura grekoarena zen, eta honako zati hauek zituen: ikusleentzako leku erdizirkularra (cavea), abesbatzarentzako leku erdizirkularra (orchestra) eta, azkenean, aktoreentzako leku luzea (escena).
- Anfiteatroa obal-formako eraikuntza zen, gladiadoreen jolasak eta borrokak egiteko harea eta ikusleentzako harmailak (cavea) zituena.
- Zirkua eraztun luzetuaren formako pista zen; bertan, zaldiek eramaniko gurdien lasterketak (Erromako kirolik ospetsuena) egiten ziren.
Flavio anfiteatroa, edo Koliseoa (K.o. I. mendekoa), Erroma.
Herri-lanak
Bide-sareek eta hornidura-instalazioek garrantzi handia izan zuten Erroman. Horren ondorioz, galtzada (inperioko hiri nagusiak eta hiriburua lotzen zituztenak), zubi eta akueduktu asko egin ziren.
Erromako etxebizitza
- Atariko etxea: jabe bakar bateko hiriko etxea zen. Etxearen logelak erdiko patio edo atari baten inguruan antolatzen ziren; urmael edo compluvium bat zegoen atarian, sabaietako isurkiek emandako euriaren ura jasotzen zuena. Atariaren alde batean harrera-gela edo tricliniuma zegoen, zutabeek inguratutako atzeko lorategiarekin (peristilo) lotuta.
- Insula edo auzo-etxea: solairu batzuk eta erdiko patioa (atariaren ordezkoa) zituen, eta zenbait familientzakoa zen (oro har, akuradunak). Eraikuntza mota hori hiri-proletalgoaren sorkuntzaren ondoren sortu zen.
- Jaurerriak: herrikoak (abeletxeak bezalako nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategiak izatean) edo hiri ingurukoak izan zitezkeen. Oro har, eraikuntza luxuzkoak ziren, patio, arkupe, zutabe eta guzti. Jaurerri horietara joaten ziren aristokratak hiritik irteten zirenean, Horaziok (K.a. 65-8) eta Virgiliok (K.a. 70-19) abestutako landa-bizitzaren atseginaren bila. Hiri inguruko jaurerririk ospetsuen artean, Adriano enperadoreak (76-138) eraikitako Adriana jaurerria (Tivolin), Neronen (37-68) Domus Aurea handia eta Tiberioren (K.a. 42-K.o. 37) jaurerria (Caprin) aipa daitezke.
Adriana jaurerriaren aurriak, Tivolin.
Orria posta elektronikoz bidali