Itzuli orri osora

San Martin eliza

FITXA

Izena: San Martin eliza

Herria: Zigoitia

Helbidea: Iturutxaga,1

Auzotegi: Maurga

Eskualde: Gorbeialdea

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Eliza

Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Mendeak: XVII, XVIII, XIX

Estiloa: Gotikoa

Beste Estiloak: Errenazentista, Barrokoa

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har. Zenbait gune jakinetan eskasa.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa

Akatsak: Akats larriak zenbait elementu apaingarri jakinetan.

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.

Deskripzioa eta oharrak:

Zigoitiko Maurga auzoan dago eliza hau, muino txiki batean. Euskal gotiko deitu motakoa da, geroko urteetan erantsitako beste estilo batzuetako elementuak ere badituen arren.

Gurutze latindar formako oinplanoa du, burualde oktogono formakoarekin (hiru hormatal); gotiko eitekoa da hori, baina geroagoko denboretan erantsi zaizkionekin konplexuago bihurtu da horren trazatu jatorrizkoa. Habearte bakarra du, bi ataletan zatitua, gurutze gangaz estalia. Gurutzaduraren erdialdea ganga izartuarekin estalita dago, eta alboetan giltzarri nagusiaren ingurura biltzen diren konkordurekin. Sekzio zirkularreko pilare handietan bermatuta daude gangak, euskal gotikoan ohi denez.

Epistola aldeko besoan gurutzadurak egiten duen angeluan dago kanpandorrea. Honen beheko zatiak oinplano lauangeluarra du, oso sendoa, eta goikoa, aldiz, oktogono formakoa da; aldeak hustuta dauzka, kanpaientzat, zirkuluerdiko arkuekin (batzuk itxita daude).

Burualdeko murruan, kapera nagusiaren ezker-eskuin, kapera bana ireki ziren. Ama Birjina Sortzez Garbiarena gurutze ganga batez estalita dago, eta bere lokailu zuzenek erretikulu bat eratzen dute; bataiategi txiki bat ere bada. Gurutzaduran, ebanjelio aldean, Kristoren kapera dago, Fresnoko markesena; kaperak bi atal ditu, lehenbizikoa ertz gangaz estalia eta bigarrena kasetoiz hornituriko gangaz. Kapera nagusiaren ezkerrean kapera sakon bat dago, bi ataletan zatituta, biak tertzeletez estalita.

Arkupea elizaren oinean dago, sortaldean zirkuluerdiko bost arkurekin, bi izan ezik guztiak itxita, pilastra toskanarren artean; beste bi daude hegoaldean. Arkupe horretatik sartzen da elizan. Atzeko atalean bada beste ate txiki bat, zirkuluerdiko arku dobelatua duena. Elizaren oinean portada zabalago bat dago, eta horren zirkuluerdiko arkuek moldura jarraituak dituzte.

Manposteria erabili zen hormetan eta harlandua arkupe, ertz, ostiko eta gainerakoetan.

Barruan azpimarragarri dira erretaula nagusi barrokoa, San Martini eskainia, eta alboetan dauden bi txikiago, horiek ere barrokoak, Ama Birjinari eta Santa Katalinari eskainiak. Fresnoko markesen kaperan dagoen erretaulako Kristo gurutziltzatua ere barrokoa da, Ama Birjina Sortzez Garbiarenekoan dagoena, aldiz, neoklasikoa.

Ez dago korurik, eta oinean dagoen ate gaineko gune bat erabili ohi da korutzat. Gurutzadurako eskuinaldetik joaten da sakristiara.