Itzuli orri osora

San Martin Tourskoaren eliza

FITXA

Izena: San Martin Tourskoaren eliza

Herria: Urretxu

Helbidea: Iparragirre enparantza, z/g

Auzotegi: Herrigunea

Eskualde: Goierri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Eliza

Mendea: XVI

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Mendeak: XV, XVIII

Estiloa: Barrokoa, Gotikoa, Errenazentista

Balioa: Oso ona.

Kontsebazioa: Ona oro har.

Jabetasun: Ondare Erlijiosoa

Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa

Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa

Deskripzioa eta oharrak:

Elizak ataripea eta kanpandorrea ditu, eta euskal gotikoaren eliza zutabedunen eitea du. Herriguneko Iparragirre enparantzako alde batean ageri da.

XIV. mendean eraikia, jatorriz Erdi Arokoa da, baina portada gotikoa XV. mendekoa da. Dirudienez, 1383an Joan I.ak herria fundatu baino lehenago ere bertan zegoen, baina lehen albiste dokumentatua 1437koa da.

Eliza hainbat aldiz zaharberritu dute, batez ere XVI. mendean euskal gotikoari jarraituz, baina harriaren ordez zura erabili zuten, eliztarrak diruz urri baitziren.

Elizako absidea 1862an bota zuten, Urretxu eta Azkoitia lotzen dituen errepidea egin ahal izateko.

Basilika erako oinplanoa du, bost atal eta garaiera berdineko hiru habearterekin, erdikoa zabalagoa bada ere. Alboetako habearteak gurutze gangaz estalita daude, eta erdikoak petxinetan oinarritutako kupula obalatuak ditu. Gauzarik nabarmenena da estalki osoa zur soilez egina dagoela.

Oinean, goialdean, zurezko korua dago, azken bi zutabeen gainean ezarrita. Horiez gain, hormetan sartuta dauden eta kapiteletan obaloak dituzten pilastren gainean oinarritzen da eta, bestalde, lau zutabe pareren gainean; azken horiek zilindro forma dute eta kapiteletan obaloak dituzte; obalo horiek beheko aldea harlanduz eta goikoa zurez egina dute. Ezkerraldean elementu hauek ikus daitezke: kasetoiz hornitutako zirkuluerdiko arku bat, 1669. urteko arimen kapera zaharreko sarrera, eta sakristiako sarrera berritu berria.

Hormetako beheko zatia manposteria agerikoa da, goiko zatia, berriz, emokatuta dago. Bi zatiak bereizten ditu platabanda batek.

Koruko bi leiho angeluzuzen, ezkerraldeko lau leiho angeluzuzen eta eskuinaldeko hiru leiho angeluzuzen eta borobil batetik sartzen da argia barrura. Dena dela ere, eliza ilun samarra da. Nabarmentzekoak dira, saietera gisa, eskuinaldean dauden hiru bao txaranbelduak; seguru asko defentsarako izango ziren.

Kanpoaldean, eskuinaldean, alderik alde ataripe bat du, isuri batekoa eta zutabe zilindriko finekin osatua, orain dela gutxi hormigoiz egina. Ataripe honek portada gotikoa babesten du. Ataripe horren gainean, gaur egungo leihoez gainera, jatorrizkoak diruditen eta orain itxita dauden beste batzuk ikus daitezke.

Portada xumea da, bi arkiboltarekin. Ojiba arkua du eta elizako piezarik zaharrenetakoa bide da; arkuko giltzarrian gurutze bat dago irarrita eta gurutzeko besoetan, besteak beste, hainbat inskripzio gotiko ageri dira.

Kanpandorrea oinean zentratuta dago, eta aurrean eta alboetan baoak ditu ojiba arkuekin. 1532. urtekoa da, oinplano lauki formakoa, eta bertan garai bereko San Martinen irudi bat gordetzen duen nitxo bat dago.

Goiko aldea oso nabarmen bereizten da, alakatua delako eta kanpaientzako zirkuluerdiko hutsarte bat duelako. Danbor gaineko kupula batek errematatzen du; kupula zorrotz samarra da eta linternatxo fin bat du, burdin forjatuzko gurutze klasikoarekin koroatua. Zati hau Lazaro de Cenizeraren lana da, 1720tik 1726ra artekoa.

Elizaren barrualdean Gipuzkoako Probintziak Gaspar Jauregi Jeneralari eskaini zion hilobi monumentu bat nabarmen daiteke. Ezkerraldean dago hormari atxikita. Frontoi hiruangeluar batek erremataturiko oinarri bat da, eta horren gainean gerra sinbologia ugariko obelisko bat dago zutik.

Arimen kaperako sarrera arkuan San Antonioren, San Ignazio Loiolakoaren eta San Frantzisko Asiskoaren irudiak daude, eta, horiekin batean, Domingo Mendiarazek 1611. urtean eginiko lau erlikia ontzi. Alde horretan bertan XVI. mende hasierako Ama Doloreetakoaren taldea ere ageri da.

Erretaula nagusia erretaula zahar kaskarreko hainbat elementu aprobetxatuz egin zen; atzean trompe d´oeil margolana du, abside botatakoaren ordez fondoa idealki luzatzen duena. XV. mendeko Kristo gurutziltzatuaren irudi bat dago bertan, San Joan eta Ama Birjinarekin, Domingo Mendiaraz urretxuarrak 1600ean egina; baita XVI. mendeko San Martin Tourskoaren irudia eta orain berriki Florentino Lomillo eskultore burgostarrak egindako Santa Anastasiarena ere. Gainerako santuen irudiak XVI. mende hasierakoak dira.

Aldarea zurezkoa da, eta bertan 1674az geroztik parrokian dauden Santa Anastasiaren erlikiak gordetzen dituen kutxa bat dago.