San Joan Bataiatzailearen eliza
FITXA
Izena: San Joan Bataiatzailearen eliza
Herria: Arrasate
Helbidea: Kanpatorpea, 1
Auzotegi: Herrigunea
Eskualde: Debagoiena
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Eliza
Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Beste Mendeak: XIV
Estiloa: Gotikoa
Balioa: Oso ona
Kontsebazioa: Ona oro har.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa
Arrasaten dago San Joan Bataiatzailearen parrokia. Erdi Aroko eliza hau, Uribarri, Udala, Garagartza eta Gesalibarko elizateak elkartu zirenean eraiki zen, XIV. mendean.
Gurutze latindar formakoa da jatorriz eliza, eta gorputza hiru habeartetan zatituta dauka -alboko biak erdikoa baino bajuxeagoak eta estuxeagoak dira-, presbiterioarekin eta gurutzadurarekin. Geroago sakristia eta kanpai horma erantsi zitzaizkion eraikinaren hegoaldean; hain zuzen hortxe daude Gipuzkoako kanpairik handienak. Elizaren oinean altxatzen den kanpandorreak babesa ematen dio portada nagusiari. Elizaren arkitekturak analisi xeheagoa eskatzen du:
Goian esan denez, hiru habearte ditu elizak. Erdikoa sei zatiko gangek estaltzen dute, albokoak, aldiz, nerbio diagonaleko gangek. Giltzarriak dekoratuta daude. Habearteak arku fajoi eta formeroek bereizten dituzte, eta arku guztiak zorrotzak dira eta zutabe multzoetan tinkatuta daude. Zutabeok kapitelak dituzte, eta horietatik bik dekorazio zoomorfikoa dute.
Oinean eta alboko hormetan ditu portadak San Joan Bataiatzailearen elizak. Denetan eskema bera ageri da: arku zorrotza eta zenbait arkibolta tinpanoarekin. Horiez gainera, sarbide nagusiko portadan nitxo bat dago San Joan Bataiatzailearen irudiarekin, eta iparraldera dagoen portadan beste nitxo bat ?Maritxu Kajoi? delakoaren irudiarekin. Epistola aldean portada bat dago eta honek zirkuluerdiko arku bat du, arkiboltak eratzen dituzten baketoiekin, eta alfiza arrosa leihoekin. Leiho edo bao asko da elizan, aldi eta estilo askotakoak. Alboko habearteetan daudenek arku zorrotza dute -gotiko garaikoak baitira- arkiboltekin. Absideko leihoak, aitzitik, XVIII. mendekoak dira, eta aldi horri dagozkion beirateak dituzte.
Eliz barruan kapera bat baino gehiago dago, eta horietan gauza interesgarri asko gordetzen da. Korupean, esate baterako, Kristo eder bat dago; orain dela gutxi arte San Joan Bataiatzailearen elizan Ines Ruiz Otalora andrearen, hau da, ?Amandre San Ines? esaten zaionaren gorpuzkiak gordetzen ziren, eta horiek amesgaiztoetatik libratzeko erremedio ona omen ziren; azpimarragarri da hilobia, bere trazeria gotiko ederrarekin, baita erretaula mudejarra ere, orobat beste kapera bateko Jesusen Bihotzaren irudiak; XVII. eta XVIII. mendeetako erretaulak ere badira, baita Pablo Urangaren fresko batzuk ere, nahiko hondatuta alabaina. Bukatzeko, esan dezagun, badela presbiterioan testamentu hilarri bat, karaktere gotikoekin, 1451ko data duena.