San Martin Tourskoaren eliza
FITXA
Izena: San Martin Tourskoaren eliza
Herria: Ataun
Helbidea: San Martin-Elbarrena
Auzotegi: San Martin-Elbarrena
Eskualde: Goierri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Eliza
Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Beste Mendeak: XVII, XVIII, XIX
Estiloa: Barrokoa, Neoklasikoa
Balioa: Oso ona.
Kontsebazioa: Ona oro har. Zenbait gune jakinetan eskasa.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa.
Akatsak: Akats txikiak hormetako zenbait gune jakinetan.
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.
Eliza hau Ataun udalerrian dago, San Martin-Elbarrena auzoan, Gipuzkoako Goierrin. Antzina, XVI. mendearen aurretik, ia dena zurezkoa omen zen.
Eliza honek hainbat berezitasun aurkezten ditu. Eraikin angeluzuzen eskerga da, ia erabat itxia. Habearte bakarra du, oso garaia, eta barruan hainbat kontrahorma handi, elkarren artean komunikatzen diren kaperak osatuz. Gainera, bi abside ditu, baina hori ez da Gipuzkoan oso harrigarria, Eibarkoak, Zaldibiakoak eta, beharbada, Getariakoak ere, bi baitituzte.
Habearteak lau atal ditu, ilargixka gangaz estalita, eta alboetako kaperek gurutze ganga dute. Koruak erdiko atala eta alboetako kaperak hartzen ditu. Hau arku karpanel baten gainean dago erdialdean eta zirkuluerdiko arkuen gainean alboetan, eta burdin forjatuzko baranda du. Argia ebanjelio aldeko hormako atal bakoitzean dagoen bao banatatik sartzen da barrura, baita koruko baotik eta epistola aldeko hormako lehen bi ataletan daudenetatik ere. Korua, honek harlandu ageria baitu, eta abside berria izan ezik, gainerakoa harlandua imitatuz emokatuta dago.
Kanpoaldetik hormak neurri desberdineko harlanduz eginda daude, mendebaldeko azken atala izan ezik, manposteriazkoa baita. Beraz, oso garbi ikus daitezke eraikuntzako bi faseak. Hormen monotonia hautsiz altuera erditik baino gorago inposta bat dago, eta erlaitzetik metro batera, aurrekoarekiko paralelo, beste bat. Bien artean, tarteka, lauza handiz eginiko dekorazioa ageri da. Gangak hasten diren altueran erlaitz handi bat ateratzen da, gargolekin, eta horren gainean sei leiho angeluzuzen: horiek itxita daude egun, baina garai batean lehenengo bi kaperen gainean zegoen lokal bat argituko zuten. Espazio hori hezurtegia izango zen, Arrasateko elizako ereduari jarrai.
Alboetako sarrera dintelduak atari batzuek babesten dituzte. Epistolakoa xumea da, eta ebanjeliokoa zabalagoa, bi altuerakoa eta apaindua; sarrera horiek, dorrea bezalaxe, XVIII. mendekoak dira. Kanpandorreak alde bakoitzean zirkuluerdiko bao bana du kanpaientzat, eta erremate gisa kapitela eta burdinazko gurutze bat. Oinean arkupe batez babestutako sarrera bat dago, eta arkupe horrek lau zutabe toskanar ditu eta frontoi hiruangeluar bati eusten diote. Frontoiak gurutze formako errematea du, eta 1833an egin zuten. Gainean armarria ageri da.
Erretaula nagusia XVII. mendekoa da, Mateo Zabalak egina, zutabe askorekin eta taulamenduarekin. Bertan daude XVIII. mendeko erretaula biki churriguereskoak ere, San Sebastiani eta Ama Birjinari eskainiak. San Sebastianen irudia Jose Quintanillak egina da, eta gaur egun desagerturik dagoen beste kapera batekoa zen. Ama Birjinaren irudia, berriz, Iturrisanteko Amari dagokio. Lehenengo kaperan ere XVIII. mendeko beste bi erretaula biki daude, estilo neoklasiko eta korintoar ordenakoak, eta oihal batzuk dituzte. Epistolaren aldeko azken kaperan Ama Doloreetakoari eskainitako erretaula bat dago. San Antonioren irudi bat ere bada.