San Migel parrokia
FITXA
Izena: San Migel parrokia
Herria: Lazkao
Helbidea: Elosegi, z/g
Auzotegi: Herrigunea
Eskualde: Goierri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Eliza
Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Beste Mendeak: XVII, XVIII
Estiloa: Gotikoa, Barrokoa
Balioa: Oso ona.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa
San Migel parrokia Lazkaon dago, herrian bertan, Gipuzkoako jauregi-komentu multzorik garrantzitsuenaren erdian: Lazkanotarren jauregia, Bernarden komentua eta karmeldarren komentua (lehen karmeldarrena zena orain beneditarrena da).
Areto erako oinplanoa du elizak, habearte bakarra eta abside zirkuluerdikoa; burualdean kanpandorrea, sakristia absideari erantsia, eta, eskuineko aldean, ataripe atxikia, bi altuerakoa.
Lau atal ditu, laurak nerbio gangekin estalita; lehenbiziko biak XVI. mendekoak dira eta beste biak barroko garaikoak.
Euskarriak era askotakoak dira: zutabetxo sortak, zutabe doriarrak eta mentsula soilak.
Elizaren oinean dago korua, arku karpanel, eskudel eta burdin forjatuzko euskarriekin.
Elizan hiru kapera daude, bi ezkerreko aldean eta bat eskuinekoan.
Ezkerreko lehen atalean kapera gotiko bat dago, oso interesgarria, segur aski XVI. mendekoa, eta bertan ojiba arku bat ikus daiteke, aldamenean pinakuluak dituela. Landare apaingarriak ditu, igarobide ikusgarria eta, erremate gisa, Lazkanotarren armarria. Igarobide gotikoa duen okulutik sartzen da argia, eta estalkitzat gurutze ganga giltzarriduna du, zutabetxo gotikoekin. Apaingarrien artean banku bat, farol bat, San Sebastian eta hilobi higatu tipiko bat daude. Azken biok XVI. mendekoak dira.
Bigarren ataleko kapera handiagoa da eta pilastren gainean dagoen arku zorrotzaren azpitik du sarbidea; ganga kanoierdikoa du estalkitzat, kasetoiekin. Erretaula neogotikoa da.
Eskuineko aldean beste kapera bat dago, sarbidea ojiba arkuan duena; bertan XVII. mendeko erretaula bakun bat dago, Esperantzaren Ama Birjinaren imajina batekin. XIV. mendekoa da imajina hau, berriki polikromatua.
Elizaren burualdean dago absidea, bao zirkular gotikoarekin; igarobidea erretaulak ezkutatzen du.
Burualdeko kontrahorma baten gainean kanpai bat dago.
Kanpandorrea, lau atalekoa, manposteriazkoa da, baina harlandua du ertzetan eta platabandetan. Oinean dago kanpandorrea, eskuinaldera, kupula zorrotz, linterna estilizatu eta burdin forjatuzko gurutze batekin errematatuta. Garai bateko dorre txikiaren ordez beste bat behar zela-eta, Infantadoko Dukeak jarri zuen diruaz berria egin zen.
Sakristia absideari erantsita dago, eta estalkia hiru isurikoa da eta burdin forjatuzko leiho burdin hesituak ditu.
Argia, beheko koruan, bao zirkular batetik sartzen da; goiko koruan eta eskuineko bi ataletan, berriz, leiho angeluzuzen batetik. Bao zirkularrak beiratea du eta Kristoren bataioa ikusten da bertan.
Eliza manposteria emokatuaz egina da; harlandua ageri da, ordea, punturik garrantzitsuenetan, hau da, nerbio, euskarri eta lehen bi ataletako hormen behealdean.
Aldare gaineko erretaula handia neoklasiko estilokoa da, XVII. edo XVIII. mendekoa; margolan aski interesgarriak ageri dira bertan eta, horiez gainera, San Migelen irudia.
San Isidro Nekazariaren irudi bat ere bada; nekazaritza giroko herrietan ia beti ageri da santu horren irudia elizan.