Adatseko Ama Birjinaren Kapera
FITXA
Izena: Adatseko Ama Birjinaren Kapera
Herria: Aiara
Helbidea: Kexaa,26
Auzotegi: Kexaa
Eskualde: Aiaraldea
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Kapera
Mendea: XIV
hiribildua.Época: Aro Berria
Beste Mendeak: XV
Estiloa: Gotikoa
Beste Estiloak: Errenazentista
Balioa: Oso ona.
Kontsebazioa: Ona oro har.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa
Kapera hau komentuari atxikitako dorrearen beheko aldean dago, eta Pedro Lopez de Aiala jaunak eraiki zuen, XIV. mendearen amaieran, Adatseko Ama Birjinari eskainitako hil kapera moduan.
Kaperako sarrera patioko arkupean dago, eta bertan dago Kexaako parrokiako sarrera ere.
Kaperak oinplano angeluzuzena du, burualde laua eta oinean korua. Kanoi gangaz estalita dago, fajoi arku zorrotz batekin, zeina hormari atxikitako zutabeerdietan bermatzen den. Zutabeen oinarriak ebaki uhindu batez apainduta daude, eta kapitel erromanikoek karatulak eta apaindura geometrikoak dituzte. Oineko koruak zurezko goi koru bat du, eta komentuko klausuratik joaten da bertara; horren azpian, eraiki zen garaiko oroitarri bat dago.
Sarreran portada bat dago, "Dorreko Kapera" edo "Adatseko Ama Birjinaren Kapera" deritzana. Arkua zorrotza da, dobela ederrekin eta hiru arkiboltarekin: lehenengoak eta azkenak ertz biziak dituzte, eta erdikoa iltze buruz alakatuta dago, tartean bolak dituela. Arkuaren inpostak leunak dira, eta erpinak apainduz giza burutxo batzuk daude. Janbetako baketoietan kapitelak eta inpostetan sigi-saga itxurako ebakiak eta aurpegiak ageri dira. Aldaba, morroiloa, ezkutuak eta sarraila burdin landuz eginak dira.
Kaperaren gainean kanpandorrearen zabalera osoa hartzen duen areto handi bat dago, eta gela zabal horren gainean dorrearen erremate almenaduna ikus daiteke, lau isurkiko teilatu batez estalita.
Argia hainbat leihotatik sartzen da. Burualdean bi bao erromaniko daude, aurreko eraikin bateko hondarrak: bata okulua da, kanpoaldean xakeztatu zarpaila duena, eta bestea, horren gainean, saietera antzeko leiho estu eta luzea. Hegoaldeko horman hainbat leiho daude, XVI. mendeko arku zorrotzak dituztenak. Burualdetik gertu leihate bat dago, arkibolta hirukoitz, baketoi eta mainelarekin, eta tinpanoan zulatuta arroseta batekin. Oinean beste leihate bat dago, xumeagoa.
Kapera manposteriaz egina da.
Barrualdean Adatseko Ama Birjinaren erretaula margotua nabarmentzen da. Jatorrizkoa Chicagoko Arte Institutuan dago, eta kaperan dagoena 1959an Pradoko Museoko Cristobal y Gonzalez de Quesada zaharberritzaileak egindako kopia bat da. Markoetan Aialatarren eta Leonor de Guzmanen armarriak daude. Aialatarren hiru belaunaldi ageri dira.
Frontean Deikundea eta Erregeen Adorazioa ikus daitezke.
Horiez gain, kaperan, presbiterioko harmailen azpian, erdialdean, alabastrozko lau hilobi daude, Pedro Lopez de Aiala Kantzilerrarena, Leonorrena, Fernan Perez de Aialarena eta Elbira de Ceballosena.