Santa Maria eliza
FITXA
Izena: Santa Maria eliza
Herria: Soraluze
Helbidea: Elizburu kalea, z/g
Auzotegi: Herrigunea
Eskualde: Debabarrena
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Eliza
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Beste Mendeak: XVII
Estiloa: Barrokoa, Errenazentista
Balioa: Oso ona.
Kontsebazioa: Ona oro har. Zenbait gune jakinetan eskasa.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Akatsak: Akats txikiak hormetako zenbait gunetan.
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa
Muino txiki baten gainean dago eraikita eliza, herrigunea baino goraxeago. Herriarekin batera, XVI. mendean egin zen eraikina. Geroago erantsi zitzaizkion alboko habearteak, eta XVII. mendean arkupea eta kanpandorrea.
Oinplano angeluzuzena eta hiru habearte ditu elizak: hiru hauetatik bat jatorrizkoa da eta beste biak geroago erantsiak. Habearte nagusiaren lau atalek XVI. mendeko gurutze ganga konplexuak dituzte lore itxurako marrazkiekin apainduta. Hiru zutabeko sortatan tinkatuta daude gangak, eta zutabeek oinarri eta kapitel gotikoak dituzte presbiterioan.
Presbiterioak abside oktogonala du.
Elizaren oinean dago korua arku karpanel dotore apaindutako baten gainean eta burdin forjatuzko eskudel batekin. Behe koruan dago bataiategia, eta honek arku zorrotza du.
Alboko habearteak zirkuluerdiko arkuen bidez elkarreratzen dira habearte nagusiarekin; atal bakoitzean aldare bat dago erretaularekin. Eskuineko habeartea gangaz estalita dago; ezkerrekoak, aldiz, estalki laua du.
Argia, gutxi bada ere, bao batzuetatik sartzen da: goi koruan leiho biribil bat dago, eta behekoan beste leiho bat; leiho bat baino gehiago ezkerreko lehen atalean eta eskuineko lehen hiruretan; horietan erdikoa oso biforo ederra da, absidean daudenen tankerakoa. Erretaulak ezkutatzen ditu horiek. Leihoak beiraz dekoratuta daude. Oineko horman, bi leiho biki pare daude zirkuluerdiko arkuarekin.
Elizak bi sarbide ditu: bata oinean, arku alteratuarekin, eta bestea ezkerreko aldean, arku beheratuarekin.
Kanpoaldetik kontrahormak dauzka eta barruko euskarriekin bat datoz; absidean sei pilare handi ageri dira eta abside oktogonaleko aldeak aldebanatzen dituzte. Gargola bat ere bada absidean, XVI. mendeko lehen erdialdekoa.
Kare-harrizko harlanduz egin zen eliza, baina ondorengo berrikuntzak manposteriazkoak dira, eta eskuineko aldetik elizari atxikita dauden gelak eta bulegoak hormigoizkoak. Harrizko erlaitzarekin errematatuta daude hormak. Barrualdea emokatuta dago, eta nerbio, arku eta euskarrietako harlandua agerian.
Hegoaldeko eta sartaldeko fatxaden angeluan kokatuta dago kanpandorrea; lauki formako oinplanoa du eta goiko zatia oktogonala, kanpaientzako zirkuluerdiko bao batekin. Lore handiz eta burdin forjatuzko bola eta gurutzearekin hornituta dagoen kupula batez errematatuta dago.
Oinean dagoen ataripeak zurezko egitura du estilo barrokoko irudiz apainduta. Kartela batean 1666 dago idatzita. Ataripea iparraldeko fatxadan aurrera luzatzen da, eta elizako sarbideak babesten ditu. Pedro Aldazabalek egin zuen, eta Euskadiko Monumentu Nazional izendatuta dago.
Erretaula nagusia, estilo neoklasikoan egina, oso ederra da; Ventura Rodriguezek egin zuen, iztukuz, XVIII. mendean.