Emeterio eta Zeledon Santuen eliza
FITXA
Izena: Emeterio eta Zeledon Santuen eliza
Herria: Larrabetzu
Helbidea: Goikolexea, 9
Auzotegi: Goikolexea
Eskualde: Txorierri
Herrialde: Bizkaia
Tipologia Orokorra: Eliza
Mendea: XVI
hiribildua.Época: Aro Berria
Beste Mendeak: XVII, XVIII
Estiloa: Gotikoa
Beste Estiloak: Errenazentista, Barrokoa
Balioa: Oso ona.
Kontsebazioa: Eskasa zenbait gune jakinetan.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Akatsak: Akats larriak hormetako zenbait gune jakinetan.
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa
Larrabetzun dago Emeterio eta Zeledon santuen eliza, Goikolexea auzoan. Jatorrizkoa 1500. urtean eraiki zen, bi atalekin eta oraingo hirugarrenaren zati batekin. Azken urteotan zaharberritzen ari dira.
Habearte bakarra du elizak, eta estalkiak hiru isurki ditu. Oinean kanpandorrea du atxikita eta sakristia burualdean. Arkupe batek inguratzen du multzoa eta arkupeari atxikita hilerri bat dago.
Oinplano angeluzuzena du habearteak, eta hiru atal desberdinetan egituraturik dago, zenbat eta oinetik hurbilago eta luzeago. Hiru atalak gurutze gangaz estalita daude; arku fajoi eta formeroek zatitzen dituzte gangak.
Hiru habearteek giltzarriak eta giltzarriartekoak apainduta eta polikromatuta dituzte, zenbait motiborekin: aurpegiak, motibo izartuak San Emeterio eta San Zeledonen aurpegiekin, zitori zuria, Gaztelako armarria, motibo geometrikoak, animaliak...
Kanpoaldetik ederki ikusten da alboetako lau kontrahorma mailakatuk nola bereizten edo banatzen dituzten lau atalak. Badira beste lau kontrahorma ere: bi zeihar, burualdearen ertzetan, eta bi meheago kanpandorrearen ondoan.
Bi sarbide ditu. Bata eskuinaldean, bigarren atalean dezentratuta, eta bestea oinean.
Sarbide nagusia dinteldua da, eta bere luzera guztian baketoi lodi bat ageri da; baketoiari eusten dioten zutabeek oinarri toskanarra dute eta kasetoiz eta triglifoz apaindutako kapitela. Horien gainean taulamendu bat dago, zeina frontoi makur batek koroatzen duen, eta marmol beltzez eginiko bi ur bedeinkatu ontzi alde banatan. Beste sarbideak zazpi dobela simetrikoz hornitutako arku zorrotz bat du, harmaila bat eta, ezkerraldean, ur bedeinkatu ontzi bat.
Hiru ataletako zazpi baotatik sartzen da argia; zazpi bao horietatik hiru hirugarren atalean daude.
Habeartearen azken atalaren gainean dago altxatuta oinplano karratuko kanpandorrea; lau isurki ditu eta hiru altuera. Lehenbizikoa habearteari dagokiona da eta sei kontrahormarekin indartuta dago. Bigarrenak ertz alakatuko bi bao ditu, eta hirugarrenean daude kanpaiak, zirkuluerdiko lau baorekin.
Sakristia, burualdea baino zertxobait goraxeago, burualdeari atxikita dago bere zabalera guztian, eta oinplano angeluzuzena eta bi isurki ditu.
Arkupeak, alde batean, hormetako harburu eta zuloetan tinkatuta dauka bere isurialdea, eta bestean, zutoinetan. Eskuinaldera altxatuta dago arkupearen estalkia, non bi bao zatitu dauden, eta hilerria eta arkupea bereizten dituen hormatxoan sabai leiho gotiko bat dago. Arkupean dago harrizko batzar mahaia ere, eta zoruko harlauzen artean XII. mendeko lau hilarri ikusten dira.
Eraikuntzan erabilitako gaia harlandu agerikoa da hormetan, dorreen behealdean eta sakristiako hormetan, adreilu agerikoa dorreko hirugarren gorputzean, eta emokatua habeartearen gainaldean; hormetako gainerako zatietan eta arkupeko hormatxoan manposteria dago.