Guadakupeko Amaren santutegia
FITXA
Izena: Guadakupeko Amaren santutegia
Herria: Hondarribia
Helbidea: Montaña auzoa, z/g
Auzotegi: Montaña auzoa
Eskualde: Oiartzualdea
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Ermita
Mendea: XVIII
hiribildua.Época: Aro Berria
Beste Mendeak: XVI, XIX
Estiloa: Barrokoa
Beste Estiloak: Errenazentista, Historizista
Balioa: Oso ona.
Kontsebazioa: Ona oro har.
Jabetasun: Ondare erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa.
Ermita hau Jaizkibel mendi magalean dago, zelai eder batean. Guadalupeko Ama Hondarribiko zaindaria da, eta jaiera handia diote herrialde osoan. Ermita, tradizioak dioenez, bi umek Ama Birjinaren irudia aurkitu zuten tokian bertan eraikita dago.
Elizak arkupeko ataria du, kanpandorrea, gurutze latindar formako oinplanoa, habearte bakarra presbiterio eta lau atalekin eta, burualdeari erantsita, sakristia. Gurutzaduraren atala petxina gaineko ganga esferiko batez estalita dago, eta gainerakoa ilargixka gangaz. Habearteko atalak zirkuluerdiko arku fajoiz banatuta daude, eta horiek hormari itsatsitako pilastren gainean oinarritzen dira. Korua, zurezkoa, oinean dago, goialdean, eta eskailera eskuinean du.
Hegoaldean eta mendebaldean ataria dago, zutabe oktogono formakoen gainean ezarritako arkupearekin, eta bertan irekitzen dira sarrerak: hegoaldekoa dinteldua da, eta mendebaldekoak, oso zabala, arku karpanela du.
Burualdetik, pasabide baten bitartez -sakristiara doan ate bat dago bertan, eta dintelean "1641. urtea" ipintzen du-, serora edo apaiz etxearekin komunikatzen da, baita ostatuarekin ere; azken eraikin honek antzinako hainbat bao gordetzen ditu, berritutako batzuen ondoan.
Argia eskuinaldeko atal bakoitzean dagoen leiho angeluzuzen burdin saredun banatatik eta goiko koruan dagoen okulu batetik sartzen da.
Eliza hareharrizko harlanduz egina da.
Dorrea 1868koa da, eta hegoaldeko eta ekialdeko fatxaden arteko angeluan dago. Hiru atal ditu: behekoak oinplano lauki formakoa eta argia sartzeko bao estuak ditu. Hurrengo gorputzean okulu bat dago, eta goikoan kanpaientzako arku zorrotzeko bao bat, zatitua baina mainelik gabea. Azken gorputz hori errematatuz terraza bat dago, barandarekin eta burdin forjatuzko gurutze bat duen orratz estilizatu batekin.
Barrualdean barroko estiloko erretaula nagusia nabarmentzen da, Joan Bautista Igeluzek eta Jazinto Elduainek 1748an egina. Erdian titularraren irudia ikus daiteke alboetan, kristalez babestuta, San Fernandoren, Aingeru Guardakoaren, San Antonioren eta San Joseren irudiak lagun dituela.
Ezkerreko erretaula, San Sebastiani eskainia, 1507koa da, eta 1642an berritua.
Eskuineko erretaula, aurrekoaren bikia, 1760koa da eta San Joan Bataiatzaileari eskainita dago. Horrez gain, Bienabe Artiaren fresko batzuk ere badaude, 1949koak.
Aipagarria da Kristo gurutziltzatua, seguruenik Jeronimo Larrearena, baita bi itsasontzi botoz eskainiak ere, ermita honen itsas tradizioaren adierazgarri.