Santiago Apostoluaren Katedrala
FITXA
Izena: Santiago Apostoluaren Katedrala
Herria: Bilbo
Helbidea: Santiago plaza,1
Auzotegi: Parte Zaharra
Eskualde: Hego Uribe
Herrialde: Bizkaia
Tipologia Orokorra: Katedrala
Tipologia Zehatza: Arkitektura Erlijiosoa
Mendea: XV
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Beste Mendeak: XVI
Estiloa: Gotikoa
Beste Estiloak: Errenazentista
Balioa: Oso ona.
Kontsebazioa: Zenbait gunetan ona. Zenbait gunetan eskasa.
Jabetasun: Ondare Erlijiosoa
Jatorrizko Erabilketa: Erlijiosoa
Akatsak: Akats txikiak horma, ganga eta elementu apaingarrietako zenbait gunetan.
Gaur Egungo Erabilketa: Erlijiosoa
Euskal Herriko eraikinik garrantzizkoenetakoa da, Bizkaiko eraikin gotiko garatuena eta Zazpi Kaleetan gorde den zaharrena. Burualdean eta arkupearen ingurunean denda txiki batzuk dauzka erantsita. Absideari eta horren inguruneari erasan dio hirigintzak, eta horrek katedralaren ikuspena galarazten du.
Lehendik bazegokeen hor beste eliza bat Donejakue bidearekin zerikusia zuena. Gaur egungo elizaren aurretiko bista gotikoa da, XV. mendekoa. XVI. mendean kalostrapea eta sakristia erantsi zitzaizkion, eta mende horren hondarrean arkupea. Arkupe hori kontrahorma da bide batez. Gaur dituen fatxada eta kanpandorrea 1890. urtekoak dira, S. Atxukarroren proiektu neogotikoaren arabera eginak. Kalostrapearen barruko itxura 1925etik 1930era M. I. Galindezek eginiko berrikuntza gotikoei zor zaie. Hezetasun handia da inguruan eta horrek beti kalte egin dio eraikinari. Orain dela gutxi, barru eta kanpo, erabat berritu da Santiago katedrala.
Basilika izendatu zuten 1819an eta katedral 1949an.
Gurutze greko formako oinplanoa du katedralak, hiru habearte ditu lau ataletan, kaperak kontrahorma edo ostikoen artean, bost hormatal absidean, kapera erradialak kalostrapearekin eta arkupe bat gangarekin. Girolan Normandiako gotikoaren eragina nabari da, eta atal triangeluarretan eta trapezoidaletan antolatuta dago, eta bertan diren kaperak oso bestelakotuta daude. Zokaloen gainean pilareak eta pilareerdiak ikusten dira, apaingarriak ditu kanpoko euskarrietan, eta basa atikarrak eta kapitel irudi gabeak. Gurutze bakun formako gangaz estalita daude habearteak, gurutzaduran izan ezik, zeina tertzeletez apaindurik dagoen. Kapera nagusiak ganga izartua du eta girolak gurutze ganga bakun bat. Alboetako habearteak erdikoa baino apalagoak dira. Erdiko habeartean, gurutzadura eta absidearen inguruan, triforio estu bat irteten da.
Hiru sarbide zituen elizak, bi ditu orain: bata oinean eta bestea gurutzaduran. Oinean dagoena, sarbide nagusia, XIX. mendean berritu egin zen.
Gainerakoak berei zegokien hilerriarekin komunikaturik zeuden. Hilerri horietako bat kalostrape bihurtu zen, eta bestea arkupe ireki; azken horrek sarbide zorrotz txaranbeldua du, tinpanorik gabe. Arku txikiz osatutako euskarri batek bereizten ditu janbak eta arkiboltak. Barruko arkiboltak hortz zorrotzak ditu eta lau hosto grabatuta zirkunferentziatan; horren ondoko arkibolta leuna da moldura bakunarekin; azkenaurrekoan hasierako hortz zorrotzak amaitzen dira, eta azkenekoan irudi txiki eseritakoak daude. Guztiaren euskarri giza irudiz apaindutako mentsula txiki bat dago.
Iparraldeko hilerriko sarbideak bao bikoitza du, mainelarekin, arku apalduen gainean; "Aingeruaren atea" esaten zaio eta Errege-erregina Katolikoen estiloan egina da.
Bao batzuetatik sartzen da argia barrura. Absidean bao trilobulatuak daude eta gainaldean leihoak, bao biki zorrotz trazeria bakunekoak, lau zatiko baoak eta beste batzuk trilobulatuak. Gurutzadurako baoek zirkulu eitea dute. Santiagoko baoetan, Gasteizko katedralean bezalaxe, hiru hostoko triangelu makotua ageri da. Kaperetako baoak, banaka batzuk itsuak, gotiko edo errenazentista estilokoak dira.
Barruan harri zizelkatuz eginiko hilobiak ikus daitezke, kaperetan estilo askotariko erretaulak eta, horiez gainera, irudi interes artistiko handikoak.