Eusko trenbideak
FITXA
Izena: Eusko trenbideak
Herrialde: Bizkaia, Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Trenbidea
Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak
Mendea: XIX, XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Eraikintza Data: 1882
Beste Izenak: Ferrocarriles Vascongados
Bilbo eta Donostia lotu zituen Eusko Trenbideen sarea oinarrizko bidea izan zen Deba bailarako industriak zein Nerbioi ezkerraldean ez zeuden bizkaitar industriak, hots, Galdakao edota Durango aldean zeudenak, elkarren artean komunikatzeko.
Egin zen lehenengo burdinbidea Bilbo-Durango izan zen. Horretarako sozietate bat eratu zen, "Ferrocarril Central de Vizcaya, de Bilbao a Durango" izena zuena: egoitza Bilbon zeukan eta kapital soziala bi milioi pezetakoa zen. Haren helburua Bilbotik (Atxuri) Durangora ibiliko zen tren bat egitea eta ustiatzea zen. Bide estuko lehenengo trenbide hura 1882an inauguratu zen.
Ekimen haren onurak ikusita, enpresak luzapen batzuk egin zituen Durangoko geltokitik aurrera: Apatamonasterioko geltokira iritsi eta, bertan, banatu egiten zen, alde batetik Arrazolako meategietara -1904an inauguratu zen adar hau-, eta bestetik Elorrio aldera, 1905ean. Merkantzia eta bidaiarien garraioa gero eta gehiago egiten errepidez zelako, batez ere, automobil pribatuaren gorakadaren ondorioz, Elorrio-Apatamonasterio-Durango tartea indarra galtzen hasi zen. Azkenean trena gelditu egin zen eta haren trazatua 60ko urteen hasieran suntsitu zen.
"Ferrocarril Central de Vizcaya" hark hasieran lortutako etekin ekonomiko handiak ikusirik, enpresaburuak burdinbide enpresetan inbertitzen hasi ziren. Pablo Alzola ingeniariak Gernika eta Zornotza bitarteko linea zuzendu zuen: 1888an inauguratu zen hura, eta 1893an Sukarrietaraino luzatu zen. Bermeora arteko luzapena ez zen 1955. urtea arte egin. Zornotzatik Bermeora bitarteko burdinbide honek guztira 1914 m luze diren 11 tunel dauzka, hau da, ibilbidearen %7 tunel barruan doa; 7 zubibide ere baditu, horien artean Oka ibaiaren gainekoa nabarmentzen delarik, 114 m-ko luzera daukana.
Madril-Irun lineak Bilbo kanpoan utzi zuen arren, bizkaitarrek ez zuten etsi Estatuko hiriburuarekin zein mugarekin lotzeko ahaleginean. Ekimen ildo horretan, 1885ean, "Compañía del Ferrocarril de Durango a Zumarraga" eratu zen, azken herri horretan Norte trenari lotzeko xedearekin. Hari esker, trenez behin bakarrik aldatuta, Bilbo eta muga lotzeko aukera ematen zen.
Lanak Durangon hasi ziren, eta 1887an iritsi zen bide estua Gipuzkoara, Durango-Elgoibar tartea burutu zenean. Handik gutxira, 1899an, trenbide Bergara zeharkatu eta Zumarragara ailegatu zen.
Zumarragan trenez aldatu beharra, batez ere merkantzien garraioari dagokionez, ez zela oso kontu erosoa eta, berehala aztertu zen bide estua mugaraino bertaraino eramateko aukera. Donostia eta Zarautz arteko trenak 1893an hasi ziren ibiltzen, baina Itziar eta Meagasko pasoak oztopoz beterik zeudela eta, linea ez zen 1901 arte erabat gauzatu. Urte hartan hasi ziren Bilbotik Donostiara bitarteko zerbitzuak.
Maltzagan metalezko zubibide bat aurki daiteke, "Y" formako oinplanoa daukana, izan ere, bertan zegoen Zumarragarekin lotzeko lotunea. Deba alderako bidean, burdinsarez hornituriko zubibideen gaindi, Deba ibaia zeharkatzen du. Bertan dagoen geltokia ez da aurrekoen tipologia berekoa: manchestertar estiloko adreilua aukeratu zen hura egiteko.
Trena Zumaian gelditzen zen. Urola ibaiaren ondoko errepidea eta Arroa ibaia zeharkatu behar zituen eta, horretarako, zubibide sendo bat eraiki zen, bi tartetan egina eta kurboa, hasieran metalezkoa baina ondoren zementuz berritua. Horren aurretik, Urola ibaia zeharkatzeko, erdian bermaturiko eta 105 metroko argia daukan metalezko tarte bat ere igaro behar zen. Zumaian egiten zen Urola trenarekiko lotura.
Orio aldean zazpi arku dituen zubibide kurbatu bat igaro behar da. Ondoren, trena Usurbilen gelditzen da, baina lehenago harlanduzko zubibide bat pasatu behar da, "del ruido" esaten zaiona. Bertako geltokia oso ondo zainduta dago, eta estilo neorregionalistan egina da.
Bilbotik Donostiara arteko linea honek dauka tunelik gehien, 32 alegia, guztira 10.709 m luze, hau da, ibilbidearen %10; 16 zubibide ere badauzka.
Urte batzuk igaro eta gero, Bilbo-Donostia linea ustiatzen zuten konpainiek bat egiteko prozesu bati ekin zioten eta, horrenbestez, 1906an "Compañía de los Ferrocarriles Vascongados" eratu zuten. Berehala ikusi zen erabakia egokia zela eta, zirkulazioa nabarmen hazi zelarik, 1929an ingurua guztiz elektrifikatu zuten. Aitzitik, 60ko urteetara arte esplotazioaren emaitzak oso positiboak izan ziren arren, Bilbo-Behobia autobideko lehenengo tarteak inauguratu zirenean, tren zerbitzua FEVE enpresa estatalaren esku geratu zen ("Ferrocarriles Españoles de Vía Estrecha").
Handik gutxira bertan behera geratu zen Maltzaga eta Zumarraga arteko adarra; linea nagusia, berriz, urte askoan gainbehera ibili eta gero, 1977an berritzen hasi ziren. Modernizazioa ez zen 80ko urteak arte burutu, hau da, 1979an hitzartutako eskumenen ondorioz, 1982an Eusko Trenbideak enpresa publikoa FEVEk EAEn ustiatzen zituen linea zaharrez arduratu zen arte, alegia.