Ibarrondo irin fabrika
FITXA
Izena: Ibarrondo irin fabrika
Herria: Kanpezu
Eskualde: Arabako Mendialdea
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Iringintza
Tipologia Zehatza: Elikadura eta edariak
Mendea: XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Eraikintza Data: 1947
Beste Izenak: Harinera nuestra señora de ibernalo
Kanpezun mendebaldetik sartzeko errepidearen ertzean dago, herritik kanpo dagoen biltegi, garaje eta industri pabiloien multzoan. Jatorrizko eraikinaren estiloari jarraituz, enpresak antzeko eraikin berriak egin ditu.
Datu historikoak:
Gaur egun "Harinas y derivados Ibarrondo S.A." deritzan enpresa hau Araban eraiki zen azken irin fabrika izan zen. Oraingo faktoriak 1889an eraiki zen Ibarrondoko errotan du jatorria. 1925ean turbina bat jarri zuten, errotarrien turtukiekin batera funtzionatzen zuelarik, herria argindarrez hornitzen zuena. 1945ean, errotatik gertu, "La Fábrica de Harinas N. Sra de Ibernalo" eraiki zuten, eta haren produkzioaren eta zenbait makinaren gaineko azterketa Bartzelonako Luis Vilak egin zuen. Jatorrizko makineria guztia gordetzen da.
Ekoizpen prozesua:
LEHENGAIA. Irin fabrika honetan ogi irina egin da batez ere. Erosten zen gari gehiena Arabatik eta Nafarroatik zetorren, batzuetan Sevillatik ekarritakoarekin ere nahasten bazen ere, eta nekazariei zuzenean erosten zitzaien. Ekoizpena bereziki Euskal Herriko merkatuetara zabaltzen zen. Fabrika hau altuerako ekoizpenaren adibide da, hau da, hainbat solairutan antolatuta zegoen. Zereal alea produkzio solairu guztietan barrena eramaten zen, hasieran zurezko tutueria baten bitartez eta, ondoren, PVCzko hodi zilindrikoen eta metalezko tutu batzuen bidez. Tutu horietan barrena garia xurgatu eta planta batetik bestera garraiatzen zen.
GARBIKETA PROZESUA. Garia, ontzi batzuetan, hirugarren solairuraino igotzen zen eta, ondoren, neurri desberdineko baheak zeuzkan eta gaiak bereizten zituen bonbo batera erortzen zen: alde batean garaua erortzen zen eta bestean zakarrak, handiak eta txikiak. Gero, garia bigarren solairuko garbiketa monitorera erori eta makina batera pasatzen zen, non, oszilazio mugimendu etengabearen ondorioz, aurreko prozesutik oraindik ere geratzen ziren hartxintxarrak, lurra eta ale zatiak bereizten ziren. Leku horretatik laugarren solairura igo eta, bertan beste makina batean, ale zehatuak bereizten ziren, zehatutako garauan bakterioak egon ohi direlako. Aleak bonboan zehar labaintzen ziren eta, hormetako albeoloetan haziak eta zehaturiko garauak sartzen ziren. Ondoren, gari aleak bereizten zituen txirrista batetik behera, lehenengo solairura jaisten ziren. Aleak, punta hausteko makina batetik igaro eta gero, satinagailuan sartzen ziren, garia errepasatzeko eta arrabotatzeko eta galorratza kentzeko. Ihinztagailutik igaro eta gero, depositu edo siloetan biltzen zen eta, bertatik, beheko aldean zeuden deposituetara eramaten, non garau mota desberdinak nahasten ziren, lortu nahi zen irinaren arabera. Silo horietan 24-48 ordu egoten zen.
EHOTZE PROZESUA. Ehotzeko gelan errota bakoitzak bi pasada egiten zizkion gariari. Hiru fase bereizten dira. Zehatzea, lortu nahi den irinaren neurriaren arabera; zehatu eta gero, bahe lau batzuen bidez, semola bereizten zen. Bereiztea, hazi guztiek zahi puska txikiren bat izaten baitzuten; prozesu honetan zahia eta beste partikula batzuk kentzen ziren. Azkenik, trinkotzea, non zahirik gabeko semola fina ateratzen zen, kalitate oneko irina ematen zuena.