Itzuli orri osora

"Harino panadera S.A."

FITXA

Izena: "Harino panadera S.A."

Herria: Bilbo

Auzotegi: Ugalde partikularra

Eskualde: Hego Uribe

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Okindegia

Tipologia Zehatza: Elikadura eta edariak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1902

Gaur egungo deskripzioa:

Fabrika Iralabarri bilbotar auzoan dago, eta bertan industri pabiloi mota askotarikoak daude, luzeran ardatz berari jarraituz eginak. Aurreko aldean langileak eta banaketa kamioiak sartzeko zein aparkalekuetarako erabiltzen den sarrera nagusia dago. Eraikin gehienak bata besteari atxikita daude. 1935ean honako eraikin hauek zeuden: ezkerreko aldean, ikaztegia, kotxetokia eta ogia banatzeko markesinak . Erdiko aldean garai bateko bulegoak eta labeen pabiloiak eta oralekua zeuden.

Atzeko aldean, berriz, motorren eraikina, irin fabrika eta alea garbitzeko eraikina zeuden, baita oso aldatuta dauden beste espazio batzuk ere, hala nola olioa biltzekoa, gasogenoa, sutegia eta lantegi mekanikoa. Eskuinaldean siloen eraikin handia dago eta zakuak biltzeko biltegia. Horma batek inguratzen du multzo osoa.

Datu historikoak:

Sozietatea 1902an eratu zen, eta 1903an hasi zen lanean. Helburua irinak eta ogia egitea zen ahalik eta gehien ekonomizatuz, eta, horretarako, enpresa ugari kontzentratzea erabaki zuten, hala nola Artica, Batiz y Compañía eta bere filial Ibeña eta El Bosque. Fabrika guztietan modernoena Compañía Bilbaína de Molinería y Panificación izan zen. 1902an, fabrikak errota eta plansichter-ak zituen produkziorako. Lurrun galdararen eta korronte elektrikoko dinamo baten bitartez lortzen zen energia. 1905ean kontratu bat sinatu zen Bilbotik Portugaleterako Tren konpainiarekin fabrikan bazterbide bat egiteko, bagoiak instalazioen oinetan bertan jarri ahal izateko. Mario Camiñak Iralabarriko fabrikaren aldamenean bulegoak kokatzeko eraikin bat proiektatu zuen (baita konpainiaren zati bat ere). 1911n produkzioa Iralabarriko fabrikan kontzentratzeko prozesu bati ekin zioten eta, horretarako, aurrerapen tekniko guztiez hornitu zen eta ekoitzitako gari guztia biltzeko siloak egin ziren: eraikin berri bat egiteko proiektua Fidel Iturriari eskatu zitzaion. Horrenbestez, faktoria Estatu espainiarreko irin fabrikarik onena bihurtu zen.

Lehengaiak iristeko bideak Norte, Santander eta La Roblako trenbideak eta Tranbia Elektrikoa ziren, eta bagoiak biltegietako siloetaraino eta kargako ontziralekuetaraino sartzen ziren. Garia iritsi eta berehala husten zuten zegokion konpartimentuetan eta, ondorioz, bitarteko garraio zereginak aurrezten zituzten. 1914an atzerriko gari gogorrak ehotzea erabaki zuten, eta glutenari dagokionez oso irin ona lortzen zuten, baina data horretatik Lehen Mundu Gerraren amaierara hornikuntza arazoak izan zituzten.

1920an ogia egiteko hiru labe egin zituzten, eta Alemaniako etxe batekin kontratua berritu zuten ehotzeko behar zen makineria gehiago eskuratzeko eta muntatzeko. Beste sei bagoi ere erosi zituzten, hornikuntza eten ez zedin.

1926an instalazio berriak muntatu ziren labeetan ordu arte bezala egurra beharrean olio astunak erretzeko, eta ogia egiteko beste bi labe eta makineria jarri ziren. 1932an ogi txikia egiteko talde elektroautomatiko bat instalatu zen eta, handik bi urtera, ogia egiteko produkzio elementu zaharren ordez beste berri batzuk ipini ziren, oso produkzio handia egiteko ahalmenarekin.

1940an Bartzelonako EMSAri bahetzeko sekzio berri bat kontratatu zioten, gaur egun oraindik ere bertan dagoena, eta gainera lantegi mekaniko bat eta trenbideko sei bagoi. Gerraondoan arazoak izan ziren zerealen hornikuntza behar bezala betetzeko, baina arazo horiek denbora igaro ahala bideratu ziren.

50eko urteetan ogi fabrikako eraikin zahar gehienei eragin zien birmoldaketa bat burutu zen. Horien kanpoko aldea aldatu zen gehienbat eta, horrez gain, planta berriko beste eraikin batzuk eraiki ziren, horien artean gaur egungo bulegoak.

Gaur egun fabrika krisi garaian da, bizitza maila igotzearekin batera ogiaren kontsumoa jaitsi egin delako. Ondorioz, bere produkzioaren zati bat gozogintzaren arlora bideratu du.

Ekoizpen prozesua:

Harino Panadera irinak eta deribatuak, almidoiak, fekulak, legamiak eta elikagaiak oro har ekoizteko asmoz sortu zen, baita zerealak salerosteko eta ogia egiteko eta saltzeko asmoz ere.

1903a arte, fabrikara iristen ziren merkantzien garraioa gurdiz egiten zen, baina harrezkero bagoiak enpresako behe solairuraino iristen ziren, eta merkantzia zulo batean deskargatzen. Bertatik, pegar-igogailu baten bidez, merkantzia siloetako goiko ahoraino garraiatzen zen. Siloaren beheko aldean alearen irteera erregulatzeko mekanismo bat zegoen, eta bertatik, uhal garraiatzaile baten bidez, limpiara eramaten zen. Aleen garbiketa hori eho aurreko fasea da, eta garaua eta erantsita ez dituen zakar guztiak bereiztea du helburu. Garbitzeko edo bereizteko prozesuaren ondotik, gari garbitua zilindro-errotetan txikitu eta hauts bihurtzen da.

Garia errotetan eho eta gero lortzen den emaitza nahasketa bat da: jada hauts bihurtutako irina, semolak eta puska handixeagoak, eta alea biltzen duen azaleko puska txikiak, hau da, zahia. Ehotzea osatzeko, hainbat operazio egin behar izaten da, honako helburu hauek dituztenak: irina beste produktu batzuetatik bereizi, semolak txikitu eta irina zahi pusketatik bereizi, eta ehotzean zuzenean atera diren zahi puskei erantsita dagoen irina berreskuratu. Horrenbestez, azken produktuak irina eta zahia besterik ez dira.

Plansichter-ek, irina eta gainerako produktuak separatuz, bahe lana egiten dute.

Bahe haizatzaileek, ondoren, plansichter-en sareetatik eralki gabe geratutako hondakinak sailkatzen eta bereizten dituzte, irin semola bera ere ondoren erabiltzeko.

Fabrika barruan badira beste tresna osagarri batzuk ere, esate baterako, hauts biltzaileak eta zikloiak, eta aipatu den prozesu horretan bahe haizatzaileak haizatutako hautsa biltzen dute.

Azpimarratzea merezi du ia makineria guztiak motor elektrikoei eskerrak funtzionatzen duela; motor horien mugimendua fabrikako solairuak alde batetik bestera zeharkatzen dituzten txirrika eta larruzko uhalen bidez helarazten zaie makinei. Motor zaharrenak eta garrantzizkoenak jada eragiten zion makineriari 1936 gerra hasi baino lehen, baina gaur egun goiko solairuan dauden errotei bakarrik eragiten die.

Ogia egiteko prozesua erabat eraldatu zen 20ko urteetan, eta geroztik etengabe egokitu behar izan zuen berrikuntza teknikoetara. Hamarkada hartaz geroztik, ogiaren lanketa guztiz mekanizatua eta automatizatua zen, eta horretarako oso langile gutxi behar zen, orea manipulatzen batere parte hartu beharrik ez baitzegoen. Hogeita hamarreko urteetan isurgailu batek irina okindegiraino eramaten zuen eta, bertan, behar bezala egonean eduki eta gero, oratu, bereizi, pisatu, torneatu, moldeatu, estanpatu, hartzi, egosi eta banatu egiten zen.