Zumaiako itsasargia
FITXA
Izena: Zumaiako itsasargia
Herria: Zumaia
Eskualde: Urola Kosta
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Itsasargia
Tipologia Zehatza: Itsasargiak
Mendea: XIX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Eraikintza Data: 1870
Autorea: Inozentzio Elortza
Herritik bertatik abiatu eta, itsasadarraren ezkerraldetik tipi-tapa joanez, berehala Salbamendu Batzordearen eraikinaren aurrean gara. Hortik gora itsasargiaren sarreraraino 29 metroko desnibela igo behar da, maila piko batzuetatik barrena. Ostertzerainoko ikuspegi zabala dago gain horretatik, hondartza, itsaso eta labar denak begi bistan.
Eraikin estu bat da itsasargia, bi solairukoa. Lekurik ezagatik da eraikina horren txikia. Platakoari eta Getariakoari ere horixe bera gertatzen zaie. Beheko solairuan daude biltegia eta gela bat, eta goikoan sukaldea eta logela. Dorreko eskaileratik - 9,89 metro garai da - igotzen da etxebizitzara.
Manposteriazkoa da eraikina, Zumaiako zementuarekin egina; zokaloa, dorreko erlaitza eta dorrea bera, aldiz, harlanduzkoak dira.
Datu historikoak:
Talaiari bat bizi zen Talaia esaten zaion goragunean, oraingo itsasargiaren aurrendaria nolabait ere. Itsaso aldetik portura heldu ziren ontziei portutik gertu zeudela gaztigatzen zien, eta ekaitz eguna egiten zuen gauetan sua pizten zen, portua hartu ezinda zebiltzanei lehendik ere oztopoz beterik zegoen bokalea ekaitzarekin are okerrago zegoela adierazteko.
XIX. mendean zementu fabrika batzuk instalatu ziren Zumaiako portuaren inguruan eta, hori dela eta, asko ugaritu ziren ontzien portu barruko joan-etorriak. Asturiastik eta Ingalaterratik ontziak ikatzez beterik etortzen ziren zementu fabriketarako. Portutik irten, berriz, batez ere zementua irteten zen. Kontuan izan behar da, 1860 aldera, Zumaiako portuan Pasaiakoan baino bi aldiz mugimendu handiagoa zegoela, errenteriagatik, aldiz, lau aldiz diru gehiago bildu zela.
Portuko sarrera hondo txikikoa zen ordea, eta horrexegatik arrisku handikoa, eta hori dela-eta ontziak itsasgora noiz izango zain egoten ziren portua hartzeko. Gainera, Zumaiako senadira zuzenean eramaten zuen sarrera ezker-eskubi zituenekin nahastea ere oso erraza zen. Horrenbestez portuaren sarreran itsasargi bat eraiki beharrean izan ziren.
Inozentzio Elortzak proiektatu zuen itsasargia eta 1870ean estreinatu zen. Hasieran ez zuen uraskarik eta, handik kilometro erdira, bokalearen ezkerraldean zegoen iturburu batetik hartzen zuen ura; horretarako, jakina, itsasbehera noiz izango zen zain egoten zen dorrezaina. Itsasbehera zenean bokalean agerian geratzen zen bidetik ez bazen behintzat, garai hartan Zumaia Talaia mendiarekin lehorrez ez zegoen beste inondik komunikatuta. Auzo batekoak beste auzoetara eramateko prestaturik zegoen ontzia zen itsasargiraino joateko modua.
Karlistek tresna deseginda eta eraikina erabat hondatuta utzi zuten. Gerra bukatu zenean berreraiki eta berriro 1881ean piztu zen.
Ekoizpen prozesua:
Abian jarri zenean, 1870ean, 5. mailako tresna bakarra zuen. 1881eko Karlista gerratea bukatu zenean tresna berria ipini zen, Barbier etxekoa, eta horren ezaugarria zen argi berdea distira zuriarekin; punta batean ezarrita zegoen baliza batean islatu eta itsasadarraren ahoa seinalatzen zuen. Tresna horren ondotik beste bat ipini zen, petrolioz pizten zena.
1925ean itsasargia elektrifikatu egin zen. 400 bujiako goritasun lanparaz gainera, lehengo linternaren ordez 1,80 metroko beste bat jarri zen. Punta Carneron zegoen instalazioa ere aldatu egin zen eta, ordukoaren ordez, pantaila birakariak ezarri ziren, 20 segundoero 3+1eko kliska egiten zutenak. Geroztik 500 mm-ko optikoa ezarri da, instalazio elektriko eta gas erreserbarekin, eta erreserbako ekipo elektroniko batekin.