Laudioko geltokia
FITXA
Izena: Laudioko geltokia
Herria: Laudio
Auzotegi: Hirigunea
Eskualde: Aiaraldea
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Geltokia
Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak
Mendea: XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Eraikintza Data: 1931
Autorea: Jose Enrique Marrero
Deskripzioa eta datu historikoak
Herri erdian dagoen geltoki hau Bilbo-Tutera trenbide sareari dagokio.
Eraikin angeluzuzena da, eta beheko solairua eta lehenengo solairua dauzka; behean txartelak saltzeko gela, itxarongela eta taberna daude, eta goian etxebizitza. Jose Enrique Marrerok eraiki zuen, 1931n, eta 1988an zaharberritu egin zen.
Hormak harlanduz eginak dira lehenengo solairuraino, eta fatxadaren gainerako zatia manposteria luzituz. Ertzetan moldurak eta modiloi konikoak ageri dira. Teilatu isuri biko batez estalita dago, teila arabiarrekin . Gorputz nagusiaren teilatuan txapitula txiki bat ikus daiteke.
Fatxada gorputz nagusi batez eta alboetan bi gorputz berdinez osatuta dago. Gorputz nagusian, erdian, sarbidea nabarmentzen da, goiko aldean baoz osaturiko triptiko bat daukana; baoak balkoi jarraitu batez lotuta daude, baranda forjatu batekin eta mentsula apaingarriekin. Alboetako gorputzak nabarmenduz kutsu militarreko bi garitoi daude. Fatxada errematatzen frontoi bat ikus daiteke eta, bertan, armarri bat, kasket batekin eta landare motiboekin. Oro har, eraikina fatxadaren kromatismoagatik da ikusgarria, eta ezaugarri hori baoetako baketoien apaindura berdeak areagotzen du.
Sarrerako ate nagusiak atetila bikoitzez horniturik daude. Zur forratuz eginak dira, burdinazko txaparekin, eta berde kolorez apainduta daude. Fatxada nagusian patin bikoitzeko eskailera bat ikus daiteke, kaletik geltokiraino doana.
Bidariek itxaroteko markesina nasan dago, eta Marrerok berak diseinatua da. Eraikin angeluzuzena da, isuri biko zurezko teilatuarekin, horietako bat bestea baino luzeagoa, eta teila arabiarrez estalia. Sarreran zirkuluerdiko bi arku handi daude, harlanduz eginak, giltzarria nabarmentzen zaielarik. Eraikina egin zen urtea ikus daiteke bertan. Markesinara bost baotatik sartzen da argia, eta bao horiek leihoburua dute eta kristalez hornituta daude.
Laudioko geltokiaren multzoa osatuz trenbide orratzak aldatzeko eraikina dago, geltokiari berari erantsita, komunetarako eraikin txiki bat eta geltokiko biltegietarako pabiloi bat, angeluzuzena eta hormarte bakarrekoa, isuri biko teilatuarekin eta karga tunelekin.