Norteko trena
FITXA
Izena: Norteko trena
Herrialde: Gipuzkoa, Araba
Tipologia Orokorra: Trenbidea
Tipologia Zehatza: Trenbideak eta funikularrak
Mendea: XIX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Eraikintza Data: 1863
Autorea: Letourneur
1850 aldera burdinbideak egitea premiazko zeregin bihurtu zenetik, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako lurraldeen ordezkariak bere interesen mesederako izango ziren proiektu desberdinak lantzen hasi ziren.
Bere asmoak betetzearren, Gipuzkoak gogotik borrokatu behar izan zuen beste proiektu batzuen lehiaren aurrean. Horrenbestez, 1857an kontzesioaren sozietateari diru aurrerapen bat eskaini zion, bere lurraldeari zegokion zatian burdinbidea egiteko obrak gauzatzearren.
Hitzarmen hartan erabaki zen Gipuzkoak Sozietateari 25 milioi erreal kuarto emango zizkiola eta, trukean, lau urteren buruan, Sozietateak Bidasoa-Ordizia tartea eraiki eta abian jarri behar zuen.
Burdinbide hau egiteko azterketak Letourneur ingeniariak egin zituen, eta berak gidatu zituen lanak ere. 1858ko ekainean, hots handiz, Tolosan obren inaugurazioa egin zen. 1863an Donostia-Beasain tartea ustiatzen hastea lortu zen, eta hurrengo urtean linea Altsasuraino iritsi zen. 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zen ofizialki, Donostian, Madril-Paris linea.
Ordu ezkero, lineak hobekuntzak izan zituen, baita bi gerra jasan ere, bigarren karlistaldia eta Espainiako gerra zibila alegia, horrek esan nahi duen suntsiketa eta zerbitzu etenaldiekin. Dena dela, bere instalazioak berritu eta zabaldu direla ere ikusi du, eta antzinako burdinazko errail xumeen ordez altzairuzko sendo batzuk ipini direla. 1909tik 1929ra bide bikoitza jarri zuten. 1929an elektrifikatu zen linea, aldirietako zirkulazio gero eta handiagoari erantzun ahal izateko eta abiada handitzeko, baita kea saihesteko ere, kea oso molestagarria baita trenbideak 32 tunel dituela kontuan izaten bada.
Esan bezala, Gipuzkoa aldean Aizkorriko Otzaurtetik sartzen denean, trenbideak tunel ugari dauzka. Urola bailaran sartu eta Zumarragako geltokira iristen da, eta garai batean bertan zegoen Urola trenarekin eta Vascongadoekin konbinazioa hartzeko gunea. Nabarmengarri dira Ormaiztegiko zubibide bikaina, baita Villabonan burdinsarea daukana eta Andoaingo geltokiaren aurrean fabrikakoa ere. Irunera iritsi eta, 100 m zabal den zubi baten gainetik Bidasoaren itsasadarra zeharkatuta, Hendaian sartzen da.
Geltokiei dagokienez, Letournerrek tipologia neoklasikoa landu zuen, Alegia, Zizurkil-Villabona, Andoain eta Hernanin oraindik ere ikus daitekeenez.
Donostiako geltokiak oraindik ere gordetzen du Letournerrek eman zion trazatuaren zati handi bat, 1880an G. Biarez-en proiektu bati jarraituz zabaldu zen arren; orduan bi pabiloi erantsi zitzaizkion eta Eiffelen markesina bat jarri zuten. Legorretako geltokia ere aipagarria da, bere kutsu erregionalistagatik.
Berrogeita hamarreko urteetan Pasaiako edota Tolosako bezalako geltoki dotoreak bota ziren eta, haien ordez, adreiluz beste batzuk eraiki zituzten. Antzinako garaietatik burdina forjatuz egindako markesinak baino ez dira geltoki horietan geratzen, burdinurtuzko zutabeen gainean bermatuta, Zizurkil-Villabonan bezalaxe.
Beste eraikin interesgarri batzuk azpiestazio elektrikoak dira. Horietan guztietan etxebizitza bat dago.