Itzuli orri osora

Matxitxakoko itsasargia

FITXA

Izena: Matxitxakoko itsasargia

Herria: Bermeo

Eskualde: Busturialdea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Itsasargia

Tipologia Zehatza: Itsasargiak

Mendea: XX

hiribildua.Época: Aro Garaikidea

Eraikintza Data: 1909

Autorea: Rafael de la Cerda

Gaur egungo deskripzioa:

Gaztelugatxeko San Joan ermitaren ondoan dago itsasargia. Bermeotik irten eta kostaldetik Bilbora doan errepidean, eskuinaldean, bada bihurgune bat, 3,5 kilometrora; hortik 2,5 kilometrora dago itsasargia. Hegazti migratzaileen igarobidea da bazter hori.

Itsaso gainetik 102,60 metrora dago. 20 metroko dorrea da, oktogono formakoa, bi solairuko eraikin bati erantsia. Behekoa 450 m2 da eta goikoa 262. Harlanduzkoa eta manposteriazkoa da eraikina, eta zementu armatuzko estalkia dauka, asfaltoz irazgaiztua.

Datu historikoak:

1852an hasten da itsasargi honen historia. Urte horretan inauguratu zen lurmuturraren irtengunerik handieneko zelaigunean ezarri zen lehen itsasargia, itsaso gainetik 64,6 metrora. Felix Uhagon ingeniariak eginiko eraikina da. Eraikin karratua zen, erdian patio eta guzti, eta harlanduzko dorrea iparraldeko fatxadari atxikita. Dorre gainean tresna optiko bikaina ezarri zen, frantses modelo ezagun-ezaguna, erloju makineriaren eraginez jira-biraka ibiltzen zena eta argi zuri etengabea igortzen zuena. Tresna optikoak 234.796 erreal balio izan zuen, eraikina egitea kosta zena ia bi halako. Hiru dorrezainek zaintzen zuten.

Tresna optikoaren zama handiarekin higatu egin zen sistema eta, horregatik, 1861ean, berritu egin behar izan zen. Bide batez etxebizitzak handitu egin ziren, txikiegi ziren-eta egitekotan ziren Dorrezainen Eskola berria bertan kabitzeko. Eskolak 1854tik 1863ra funtzionatu zuen eta azken urte horretan kendu eta Madrilera eraman zuten. Horrenbestez, estatu espainiarreko itsasargirik handiena bilakatu zen.

Baina itsasargiaren argi irispidea gutxienez 35 miliakoa izan zedin nahi zen eta, gainera, argi etengabearen ordez bost segundotan behin distira azkarrak igortzea. Hori dela eta, momentu hartako eta geroagoko beharrei erantzungo zien tresna berri bat erosi zen 1901ean. Horrez gainera, hodei, laino eta ganduek begi optikoa lausotu ez zezaten, leku aproposago bat saiatu zuten.

Dorre zaharretik 116 metrora aurkitu zuten leku apropos hori. Eraikin berria egitea 165.084,25 pezeta kostatu zen. Rafael de la Cerda ingeniariak burutu zituen lanak eta itsasargia lanean 1909an hasi zen, gaurko itxurarekin eta argi irispidearekin.

Ekoizpen prozesua:

Jatorriz 1,84 metroko diametroa zuen tresnak eta 30 miliako irispidea. Barbier lanpara horrek petrolio bidez argitzen zuen, eta bost metxako metxero bat zeukan erreserban. Merkuriozko flotagailuaren oinarriak 300 kiloko gaitasuna zuen. Gaur egun motor elektriko batek eragindako gurpil baten ukituarekin dabil jira-biraka. Dabilenaz gainera beste bat dago gordeta, erreserban.

1926an, argiztatzea erregai bera erabiltzen zuen beste batez aldatu zen, eta 11 urte geroago 4.000 watteko lanpara monofasiko batekin elektrifikatu. Horren ordez 3.000 watteko trifasiko bat jarri zen 1955ean.

Urte berean, 1926an, instalatu zen irratifaro lehenengoetakoa, Telefunken etxekoa. Egunero funtzionatzen zuen 11:30etik 12:00etara, baita gauez ere, Bermeoko argiak ikusten ez zirenean. 1954an horren ordez Marconi etxeko bat jarri zen, bestea baino modernoagoa, eta orain dela urte gutxi, transistoreduna, etxe berekoa.

Nabigazioari are hobeto laguntzeko, 1963an adarra jarri zen. Etxebizitzen hondakinak lurrera bota eta garai bateko dorre zaharrean ipini ziren turutak. Indarrak huts egiten duenerako ekipo elektrogeno bat eta irratifarorako bateriak dauzka.

Matxitxakoko itsasargia
Matxitxakoko itsasargia