Petronila eta Adelina meategiak
FITXA
Izena: Petronila eta Adelina meategiak
Herria: Muskiz
Auzotegi: Petronila meategia
Eskualde: Ezkerraldea
Herrialde: Bizkaia
Tipologia Orokorra: Meatzaritza
Tipologia Zehatza: Meatzaritza
Mendea: XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Beste Mendeak: XIX
Petronila eta Adelina meategiak Santelices auzoan daude, eta bertaraino joateko Sopuertara doan errepidetik ateratzen den kamioa hartu behar da.
Horiek dauden parajeei hurrenez hurren Venerillas eta Torremoja esaten zaie, hala ere Petronila meategian bakarrik geratu dira hondakin materialak. Adelina meategiari dagokionez, galeria eta zabortegi izandakoen arrastoak geratu dira soilik, horien hondakinak alegia, eta garai bateko meatze paisaiaren kutsua dario oraindik ere.
Petronila meategiko erdiko kotan kokatuta dago garbitegia, eta horren egitekoa meari buztina eta lurra kentzea zen. Aldapa aprobetxatuz hiru goratasunetan eraikita dago. Gorenekoan tolba mekaniko bat ageri da manposteriazko murru handi batean lekukotuta. Tolbak horma zuzen konbergenteak dauzka eta aurrean atetila bat. Behealdean dagoen hustubide batetik tromelaren atzeko ahora erortzen da mea; tromela erdi parean dago, etxola dinteldun batekin estalita, eta etxolak betoi armatua eta manposteriazko murruak konbinatzen ditu.
Beheko mailan kamioiak kargatzeko bi nitxo daude eta bakoitzak bere hustubide metalikoa eta karga tunel dintelduna ditu. Garbitegiak bi ur depositu ere baditu, eta horren horma zuzenak manposteriazkoak dira.
Eraikinaren aurreko atalean, garbitegi izateko egindakoan, metalezko egitura bat dago ingurune dentsoan zertzen den kontzentraziozko garbiketa sistemari destinatua.
Kontserbatu den tromela zilindro birakari bat da, helizeen barruko horman ur injekzioarekin hornitua; helizeek aurrera eragiten diote materialari eta buztinaz gabetzen dute. Atzeko ahotik sartzen zen mea eta ur zurrustaren kolpearekin buztina askatu egiten zen. Helizeak meari kanporantz bultzatzen zion eta mea uhal garraiatzailearen gainera erortzen zen; buztina, berriz, beste bidetik ateratzen zen urarekin nahastuta. Uhal garraiatzailean aldamenean lerro-lerro langileak egoten ziren eta mearekin nahasita zihoazen zakarrak eta zikinak eskuz biltzen zituzten.
Datu historikoak:
Petronila meategia 1865ean mugatu zen, eta jabe bat baino gehiago izan zuen eta behin eta berriro mugarritu zen, harik eta 1955ean Inazio Mendizabalek partaidetza bat erosi zuen arte; 1965ean eskubide guztiak alokairuan eman zitzaizkion behin eta betiko.
Adelina meategia 1873an erregistratu zen eta, Petronilan egin zen bezala, partaidetzatan zatitu zen; azkeneko hamarraldietan Petronilarekin batera ustiatu zen.
Ekoizpen prozesua:
Ateratzen zen mea errubioa zen, eta hori ateratzeko lana kanpoan lurra urratuz nahiz barruan galerietan egiten zen. Hasieran mea gurdia idiei lotuta eramaten zen Trianoko burdinbideraino, eta hortik trenak Bilboko Itsasadarreraino garraiatzen zuen. Ia burdinbide ondoraino iristen zen tunel batetik ere eraman izan zen mea.
Orain dagoen garbitegia 1954an instalatu zen. Meategiko galeria batetik ura hartu eta garbitegiaren gainean dagoen depositura ponpatzen da. Barruan tromel bat dauka garbitegiak, eta kanpoan ingurune dentsoko sistema. Mea eta zakarrak, biak separatzeko, dentsitate erdiko inguruneak erabiltzean datza metodoa. Materialarekin batera zetozen silize, kareharri edo buztin zatiak ingurune dentsoan flotatzen geratzen ziren eta kontzentrazio konoetara pasatzen ziren; mea, aldiz, astunagoa zenez, hondora joaten zen, eta konoaren behealdetik jotzen zuen aire presioak gora bidaltzen zuen mea eta, tutu batetik barrena, kanpora ateratzen zen.