Rezola zementuak
FITXA
Izena: Rezola zementuak
Herria: Donostia
Auzotegi: Añorga
Eskualde: Donostia-Beterri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Zementugintza
Tipologia Zehatza: Zementugintza eta asfalto lanak
Mendea: XX
hiribildua.Época: Aro Garaikidea
Zementu fabrika hau Añorga-Errekalde auzoan dago, Donostia udalerrian. Nazional I errepide zaharrak banatuta daude instalazioak: eskuinaldean industri instalazioak ageri dira, enpresaren anagrama daramaten silo handiak nabarmentzen direla, baita berrogeiko hamarraldira arte egin zen hasiera garaiko etxegunea ere, izan ere, 1910etik 1950era langileentzako etxebizitzak eraiki ziren. Beste aldean, berriz, gizarte zerbitzuak eta zerbitzu ludiko eta erlijiosoak jaso zituzten, hala nola eliza, frontoia, jolas etxea, eskola, zinema-antzokia eta bulegoak. Fabrikako langileen ikastetxe izandakoa "Museum Cement Rezola" izeneko museo bilakatu zen 2000. urtean.
Datu historikoak:
Zementu fabrika Añorga Txikiko errota txikiaren itzalean eraiki zen. 1858an, gurpil hidrauliko batek errotarri pare bertikal bati eragiten zion, zeinak inguruan dagoen Arteagakobizkarra izeneko marga harrobitik zetorren material kiskalia birrintzen zuen. 1864an zabaldu egin zen, eta galdara bat ezarri zen bi errota bertikali eragiten ziena, eta, hiru labe jarraitu jarri zirenean, kaltzinatze prozesua berritu egin zen. 1883an guztiz eraberritu zen, eta lau errota horizontal, birringailu bat eta hainbat bahe ezarri ziren. Harrobiko materiala burdinbidez garraiatzen hasi ziren, animalia bidezko trakzioarekin.
1900ean "Hijos de J. M. Rezola y Cía, Sociedad en Comandita" enpresa eratu zen, antzinako sozietate kolektiboaren partaidetzaz gainera, lehenengo bazkide komandatarioak ere bereganatu zituena. Zabalkunde horrek, 1901ean, Portland fabrikaren sorrera ekarri zuen, pabiloi berri batean. 1900tik 1919ra bitartean oso obra handiak egin zituzten, batez ere Portland zementua fabrikatzeko eraikinak, beheko aldea eta solairu bat zeuzkatenak. Pixkana-pixkana, fabrikaren inguruan langile kolonia bat eratu zuten: eliza, kooperatiba, langileen etxebizitzak, frontoia, kirol kluba... 30eko urteetan zementu fabrika zabaltzeko obrak egin ziren, eta haurrentzako eskola bat eta bulegoetarako eraikin bat jaso zituzten, bi etxe bikoitz... Biztanleriaren hazkundea zela eta, gizarte zerbitzuen sare bat antolatu zen, horien artean aurreikuspen kutxa bat, gero elkar Sokorritzeko Elkarte bilakatu zena, baita irakaskuntza teoriko-praktikorako eskola bat ere, langileen seme-alabentzat.
Hasieran, makineriari lurrun bitartez eragiten zitzaion, baina 1902an motor elektrikoak sartu zituzten. Merkantziak garraiatzeko Añorgako geltokia eraiki zen eta itsasontzi propioak erosi zituzten.
50eko hamarraldiaren hasieran, gerra zibilak ekarritako krisiaren ondotik, fabrika suspertu egin zen, eta Rezola taldea zabaldu egin zen, enpresa berriak bereganatuz edota sortuz. 70eko urteez geroztik, ordea, faktore sezioekonomikoen ondorioz, produkzio oinarri eta unitateak birplanteatu behar izan ziren, hau da, birmoldaketari ekin behar izan zitzaion.
Ekoizpen prozesua:
Portland zementua lortzeko antzinako sisteman osagaiak birrindu eta adreilu forma ematen zitzaien; behin adreiluak lehortu eta gero, kamera eta labe bertikaletan sartzen ziren non klinker bilakatzen ziren. Handik ateratzen zen hautsa aglomeratzaile hidraulikoa zen, zementu naturalak baino kalitate hobea zeukana, eta obra jakin batzuk egiteko egokiagoa zena.
Enpresa berrantolatu zutenean labe birakariak instalatu ziren. Egosteko prozesua azkarrago burutzen zen, labeek, beren ardatzaren inguruan inklinatu samar biratzen zirela, etengabe hartzen baitzituzten lehengai aurretiaz birrinduak. Prozesu hori labearen lau aldeetan garatzen zen: lehortzea, kaltzinazioa, beiratzea eta hoztea.