Otxandio

FITXA

Izena: Otxandio

Herria: Otxandio

Eskualde: Durangaldea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Bizkaian sortu zuten lehen hiribilduetako bat izan zen Otxandiokoa (1236. urtearen eta 1254. urtearen artean sortuko zuten, hor nonbait). Erdi Aroan ohiko bihurtu zen errepide eta pasabide nagusien inguruan bizitokiak sortzea, merkataritzako salgaien pasabidea ziurtatuko zutenak.

Leku estrategikoan eraiki zuten Otxandio, Bizkai hegoaldean, Gorbeiako eta Anboto mendilerroen arteko korridorea igarotzen zen lekuan. Handixe igarotzen zen Gasteiz-Urkiola-Durango ardatza, eta huraxe zen Gaztelatik Bizkaiko jaurerrira sartzeko bide nagusietakoa, zeinaren bidez lotzen baitziren Bizkaiko kostaldeko herriak eta Gaztelako goi-ordokia. Abendañotarren leinuak Otxandio hartu zuen bizitoki, eta horrek garbi erakusten du hiribildu horrek zer garrantzi eduki zuen Erdi Aroan. Abendañotarrek sutsuki parte hartu zuten bandoen arteko borroketan, Erdi Aroko azken mendeetan, eta borroka horien ondorioz, behin baino gehiagoan eman zioten su Otxandiori, eta era guztietako lapurretak egin zituzten.

Erdi Aroko kaleen ibilbidea ez da batere aldatu ordutik hona, eta etxean egitura eta eraikin adierazgarriena ere ez, oro har. Hiriguneak ardatza nagusi bat du, Artekale, eta handik igarotzen zen garai bateko errege bidea. Kale horrek beste kale bat du alde bakoitzean, ia erabat paraleloak biak ere; Udaletxe kalea da bat, eta Harakinen kalea bestea (lehen, Satonkale). Hiru kaleak lotzeko, berriz, zeharkale estu eta motzak daude, eta horietakoren bat estalita dago. Harresiaren arrastorik ez dago.

Hiribildua handitu egin zen XV. eta XVI. mendeetan, eta Artekale kalearen alboetan bazter auzoak eraiki zituzten, errepidearen noranzkoari jarraiki, eta orduan sortu ziren Urigoiena eta Uribarrena kaleak. Errebal horiek ordena handirik gabe eraiki zituzten, eta ez dute zerikusirik Erdi Aroko hiribilduen ohiko egiturarekin.

Otxandioko eraikin gehienek bi edo hiru solairu dituzte, eta bi isuritako teilatua. XVI. eta XVII. mendeetako eraikinek harri landuz egina dute beheko solairua, eta egurrez eta adreiluz goikoak. Plazan, eraikin neoklasikoak dira nagusi, eta horien inguruan daude Santa Mariñe eliz parrokia, udaletxea, Frontoia, Bola-lekua eta Pasealekua. Iturria ere badago plazan, goiko aldean Vulcanoren harrizko irudia duela. Ospitale zaharraren eraikina ere nabarmentzeko da, eta gehiago dirudi landa inguruko eraikina, hiri ingurukoa baino.