Hernani
FITXA
Izena: Hernani
Herria: Hernani
Eskualde: Donostia-Beterri
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Casco histórico medieval
hiribildua.Época: Erdi Aroa
XII. mendearen bukaeran sortu zen Hernaniko hiribildua (lehenengoz, 1380an agertu zen dokumentuetan). Urumea ibaiaren ibarrean eraiki zuten Erdi Aroko gunea, Gipuzkoako kostaldea eta barrualdea lotzen zituen bide nagusietako batean. Harresia ere eduki zuen, eta Lapurdiko mugatik gertu zegoenez, armak hartzeko prest egon ohi zen. Hernaniko hiribilduak, sortu zenetik beretik, garrantzi handia eduki du Gipuzkoako historian.
Hiribilduko portuan joan-etorri asko izaten ziren, eta jarduera handia izaten zen, XVII. mende arte, batez ere. Azken urteetan, gehienbat egurra garraiatzeko erabiltzen zuten (errege-erreginen ontzioletara bidaltzen zuten). Bi arrazoi izan ziren nagusi Hernaniko portuak halako goraldia eduki zezan: batetik, Urumea ibaiak baldintza onak eskaintzen zituen ontziak handik igaro zitezen, eta, bestetik, inguruko burdindegiek indar handia hartu zuten (gehienak XV. mendekoak ziren). Burdinazko piezak egiten zituzten, burdina urtuz eta joz, eta atzerrian saltzen zuten gero. Itsasontziek, Hernanin salgaiak hartu eta Donostiara jotzen zuten, Santa Katalina portura, eta handik itsas portura joaten ziren. Metalurgiako jarduera horrek -XV. mendetik XIX. mendera bitartean iraun zuen- hainbat ondorioa utzi ditu Urumearen arro guztian; besteak beste, zenbait instalazio hidrauliko.
Hernaniko hiriguneak egun ere ageri ditu Erdi Aroko antolamenduaren hainbat ezaugarri. Hiru kale ditu, Kale Nagusia erdian eta Kardaberaz eta Iturriza alde banatara. Hiru kale horiek zeharkale batek mozten ditu zeharka (Urbieta kaleak eta Foruen Enparantzak osatzen duten lerroak eta Zapa eta Nafar kaleek eratzen dute zeharkale hori). Garai bateko gune hesitua lerro horretan bukatzen zen. Hirigunea handitzen hasi zirenean, lerro hartatik aurrera hasi ziren, eta han egin zuten lehen errebala.
Etxe multzo batzuk desagertu diren arren, Hernaniko hiriguneko eraikinik gehienak XVIII. mendekoak dira, eta Erdi Arokoen arrastoa bistan ageri dute: aurrealde estua eta hondo sakona. Gehienak, bi solairu edo gehiagotakoak dira.
Hiribilduaren antolamenduari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu eliza leku eszentrikoan dagoela. Eraiki zutenean, ohi zen bezala, harresiaren parte zen. XVI. mendeko eraikina da, eta atari barroko zoragarria du. Elizaren atzean pilotalekua dago, eta ondoan, udaletxea. Eraikin ederra da herriko etxea, monumentala; hiribilduaren antzinako sarbideetako baten gainean eraiki zuten.
Eremu publiko nagusiak garai bateko hirigunearen muturretan daude: Foruen Enparantza, Hildako Gudarien Enparantza, Tilos... Eraikin interesgarrienak, berriz, honako hauek dira: Egino eta Aierdi jauretxeak, Beroitzenea etxea, Jentilen dorrea...