Guardia

FITXA

Izena: Guardia

Herria: Guardia

Eskualde: Arabako Errioxako Kuadrila

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Erdi Aroko hiribilduen egitura berezi-berezia du Guardiako hiribilduak, harresi eta guzti. Hiribildua eraiki aurretik, Biasteri izeneko asentamendu gotortu bat izan zen bertan, eta urteen buruan, defentsarako gaztelu bat eraiki zuten, musulmanen erasoei aurre egiteko. X. mendean, 908. urte inguruan, segur aski, Antso Abarka Nafarroako erregeak gaztelua eraiki zuen mendixkaren iparraldean. Arabako Errioxa guztia ikus zitekeen handik, eta Nafarroa babestea zen heren egitekoa, mairuek eta gaztelarrek maiz erasotzen zioten eta.

Horrela sortu zen Guardia. Esan bezala, hastapenean, funtzio militarra eduki zuen argi eta garbi, eta, gerora, inguru hura jendearen bizitoki bihurtzeko zeregina eman zioten, musulmanen erasoetatik salbu baitzegoen. 1164. urtean, Herri Forua eman zion Antso VI.ak, eta hiribildu izendatu zuen. Horren ondorioz, asko handitu zen biztanle kopurua. 1461. urte arte, Nafarroako Erresumaren barnean egon zen Guardia. Urte hartatik aurrera, Gaztelako Erresumari atxiki zion Enrique IV.a Gaztelako erregeak

Erdi Aroko bizitoki gutxik eutsi diote hain ongi garai hartako egitura eta hiri-antolamenduari. Guardiako harresiak, adibidez, ongi erakusten du zer izan ziren Euskal Herriko defentsa-eraikinak. Muino baten gainean dago, eta eliza-gotorleku bat du mutur bakoitzean: Andra Maria eta San Joan. Kale Nagusia da erdigunea, eta beste hiru kale ditu inguruan (Paganos, Santa Engrazia eta San Joan). Guztiak ere oso ongi egokitzen zaizkio muinoaren topografiari. Kale Nagusi hori zeharkaleek mozten dute.

Erdi Aroan, hiribildua hainbat eremutan banatua zegoen, eta bakoitzak funtzio bat zuen. Iparraldeak defentsa-funtzioa zuen, eta horretarako zeuden han gaztelua eta eliza-gotorlekua. Hego-ekialdean, juduen garai bateko auzoa zegoen, harresi batek inguratua (egun, ez dago auzo haren aztarnarik). Gainerako guztia, oro har, jendearen bizitokia zen, eta, ohi zen bezala, hiru kaletan banatua zegoen. Kaleen egitura hori ez da askorik aldatu Erdi Arotik hona. Nobleak Kale Nagusian bizi ziren, eta elizaren inguruan. Paganos kalean merkatariak eta burgesak bizi ziren, eta Esquide kalean eta besteetan, herri xehea.

Harresia behin eta berriro berreraiki dute, urteen joanean hainbat aldiz suntsitu baitute: Nafarroaren eta Gaztelaren arteko borroketan; frantsesen aurkako gerretan, XIX. mendean; Karlistaldietan... Gaur egun egoera onean dago, eta jatorrizko zenbait elementu ere ageri ditu; horri esker, ongi islatzen ditu Erdi Aroko eremu gotortuaren ezaugarriak, eta, orain ere, hiribildua ixten eta babesten duelako itxura ematen du.

Guardiako eraikin garrantzitsuenak honako hauek dira: harresia eta han-hemenka ageri diren zortzi dorre handiak, Errege-Erreginen Andra Maria eliza eta San Joan Bataiatzailearen eliza, Abacial dorrea edo Andra Marirena, ateak (Paganos, Mercadalekoa, San Joan, Harategiena, Santa Engrazia), Samaniegotarren eta Primicia etxeak, Migueloaren ostatua, udaletxea...