Getaria

FITXA

Izena: Getaria

Herria: Getaria

Eskualde: Urola Kosta

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Getariako hiribildua XIII. mendean sortu zuen, ofizialki Alfontso VIII.ak (ordu arte Nafarroako Erresumaren barnean egona zen). Sortu zenetik bertatik, portu eta arrantzale herri garrantzitsua izan zen. 1597an sute handia izan zen Getarian, eta hiribilduaren zati handia kiskalita geratu zen. Gerrateek ere hondamendi handiak ekarri izan dizkiote, baina, hala ere, Erdi Aroko ezaugarriak aski ongi ikus daitezke egun ere.

Egitura angeluzuzena du, eta lur eremuaren topografiak erabat baldintzatu du antolamendua. Lau kale paralelo ditu, oso pikoak: San Roke kalea, Elkano kalea, Kale Nagusia eta Aldamar Kalea (bi zeharkalek mozten dituzte). Kale horiek moilaraino iristen dira. Moila hori XV. mendean egin zuten, eta, horri esker, hiribildua eta San Anton mendia lotu zituzten (bien arteko eremua lurrez bete zuten).

Erdi aroko harresien arrasto gutxi batzuk daude egun, pilotalekuaren eta Aldamar dorrearen inguruan. Hiribilduaren defentsa egiturak sendotu egin zituzten XVII. mendean, eta bateriaz eta gotorlekuz hornitua zegoen harresia egin zuten Hego eta Ipar aldeetan. Egun Katrapona bekoa izena duen tunela hiribildurako sarbidea zen, eta zubi altxagarria zuen.

Erdi Aroko eraikinen arrastoak ageri dira Getariako etxeetan: aurrealde estua dute, eta hondo sakona; banaketa ere ohikoa da: beheko solairua eta beste bi. Zenbait eraikinek bao eta apaingarri gotikoa dituzte. Eta batek edo bestek egurrezko egitura du goiko solairuetan.

Getarian eraikin berezirik bada, San Salbador eliz parrokia da; arte eta arkitektura ikuspegitik interes handia du, eta ez gutxiago historia alderditik. 1397an hantxe bildu zen Gipuzkoako Anaidiaren Batzorde Nagusia, eta han onartu zuten gerora Gipuzkoako foru legea izango zen arautegia.

Aldamar, Zarautz eta Olaso dorreak ere interesgarriak dira, baita Elkanoren monumentua eta antzinako udaletxea ere (Kale Nagusian dago). Erdi Aroko upategi batzuk ere badaude; txakolin upategiak dira, ohiko edari baitzen Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean. Upategi zaharrenak kaleen azpian daude, eta horietako zenbait ojiba gangaz eginak daude.