Gasteiz

FITXA

Izena: Gasteiz

Herria: Gazteiz

Eskualde: Gazteizko Kuadrila

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Antso Azkarra erregeak sortu zuen Gasteizko hiribildua, 1181ean, eta Nueva Victoria izena jarri zion. Defentsa lanak egiteko sortu zuen, eta leku estrategikoan jarri zuen, Gasteiz herrixka izan zen hartan, muino baten gainean (Zapardiel erreka igarotzen zen han inguruan).

Arabako Lautadaren erdialdean zegoen Gasteiz, eta denborarekin, garrantzi handia hartu zuen merkataritza harremanetarako, penintsula barrenetik zetozenen eta Nafarroatik eta Frantziatik zihoazenen bilgune bihurtu baitzen. Hala garrantzia hartu zuen, ezen Gaztelako errege-erreginek hiriaren titulua eman baitzioten XV. mendean.

Gune historikoak bi zati ditu, aski ongi bereiziak, gainera. Alde batetik, Erdi Aroko egitura dago, eta, bestetik, XVIII. mendean egin zuten zabalgune neoklasikoa (Espainia plazak eta Arkupeko eremuak osatzen dute)

Erdi Aroan eraiki zuten hiribildua ia orduan bezalaxe ageri da. Muinoaren obalo formari jarraiki egin zuten hiribildua, hiru ardatz oinarri hartuta. Erdikoa zuzena zen -Santa Maria kalea da egun-, eta gotorleku batetik bestera zihoan. Gotorleku horietako batean, Santa Maria eliza egin zuten, eta, bestean, San Bizente. Kanpoaldeko ardatzak ez ziren guztiz zuzenak. Egun, Frai Zacarias kalea eta Eskola kalea izena dute bi ardatz horiek. Eta egitura osatzeko, bi zeharkale zeuden, zeharka jarriak, hiru ardatzak lotzeko.

XIII. mendean, merkataritzako mugimenduen ondorioz, hiribildua handitzeko premia sortu zen, eta orduan egin zituzten zabaldunean. Lehen zabalgunea Alfontso VIII.aren aginduz egin zuten, 1202. urtean: mendebaldean egin zuten, eta hiru kale paralelo eta kurbatu atxiki zizkioten lehendik zegoenari: Hedegile kalea, Zapatari kalea eta Errementari kalea, hirurak ere zeharkaleek mozten zituztela. 1256ean egin zuten bigarren zabalgunea, Alfontso X.aren garaian. Zabalgune hura ekialdean erantsi zioten hiribilduari, eta orduan sortu ziren Aiztogile kalea, Pintore kalea eta juduen auzoa. Txikita kalea, Santo Domingo kalea eta Kanpokale Berria zertxobait geroago egin zituzten, horien iparraldean.

XVI. mendean, Gasteizko goialdean zeuden etxe zaharra desagerrarazi egin zituzten, eta haien lekuan, jauregiak eraiki zituzten, Pizkunde eta Barroko garaikoak, eta beste eraikin batzuk ere bai, guztiak ere garrantzi handikoak arte eta historia ikuspegitik. Horren adibide dira Santa Maria katedrala, San Bizente eta San Migel elizak, eta Pizkunde garaiko zenbait jauregi: Montehermoso, Eskoriatza-Eskibel eta Goiuri...

Eraiki zituzten jauregi eta jauretxeek asko aldatu zuten hiribildua, baina zabalguneek, egun ere, aski ongi gorde dute Erdi Aroan eman zieten egitura, eta etxeak dira horren erakusgarri: aurrealde estua dute, eta barne alderantz hedatzen dira (hondo asko dute). Guztiek egitura bertsua dute, horrek batasuna eman dio eremu horri. Han daude, halaber, San Pedro eliza, Santa Krutz komentua eta umezurztegia

Nabarmentzeko moduko eraikin bat baino gehiago daude Gasteizen, orain arte aipatu ditugunez gain: Andatarren dorrea (guneko etxerik zaharrena dela esaten dute), Portalon etxea, Iruñatarrena (egun Natur Zientzien Museoa da), Bendañatarren Jauregia (Karta Museoa), Kordoi etxea (dorre gotiko bat du barruan) eta handikien beste hainbat etxe, armarri eta guzti.

XVIII. mendean, Gasteizek hedatzen jarraitu zuen. Justo Antonio Olagibel arkitektoak Plaza Berria eraiki zuen (1781-1791), karratua guztiz, estilo neoklasikoaren erakusgarri ezin garbiagoa (iparraldean udaletxea dago). Plaza Berriarekin muga eginez, Andre Maria Zuriaren Plaza dago. Garai batean Plaza Zaharra deitzen zuten, eta hantxe egiten zen merkatua. Erdi Aroko gunea askoz gorago geratzen zen zabalgune berri hori baino, eta gorabehera hori berdintzeko, Arkupeen eremua eraiki zuten XIX. mendean. Hiru arku maila egin zituzten, bakoitza garaiera batean, eta horietako lehenean dago Aihotz plaza (garai batean hantxe egiten zuten karguaren zina Gasteizko sindikoek).