Donostia

FITXA

Izena: Donostia

Herria: Donostia

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Antso Handia Nafarroako erregeak agindu zuen Urgullgo gaztelua eraiki zezatela, leku estrategikoa baitzen hura. Gotorleku haren oinean sortu zen Donostia, leku babestu batean, Urumea ibaiaren bokalearen girizian. XII. mendean Jakako Forua eskuratu zuen Donostiak.

Harresiak inguratzen zuen hiribildua, eta bazituen sarrerako ate gotortuak eta defentsarako zenbait dorre. Bi parrokia ere baziren hiribildua sortu zen unetik beretik (han bizi ziren bi komunitateetako bakoitzak bat zeukan), Santa Maria eta San Bizente.

Erdi Aroan zehar, hainbat sute izan ziren Donostian. Etxebizitzak egurrez eginak zeuden, eta batzuk besteei atxikiak, eta sua azkar hedatzen zen. Hori ikusita, material sendoagoak erabiltzea erabaki zuten; harria, batez ere.

XVI. mendean, hiribildua, Urgull gaineko gaztelua eta portua harresiz inguratu zituzten, gotorlekuen modura, eta horrek oso ondorio kaltegarriak ekarri zizkien han bizi zirenei, behin eta berriz eraso baitzieten. 1719an, Frantziako armadak, Berwickeko dukea buru zuela, Donostia inguratu zuen, harik eta barrukoek amore eman zuten arte; 1794an, berriz ere frantsesek konkistatu zuten, Konbentzioko gerran.

Alde Zaharrean aldaketa gutxi egin zituzten XIX. mendea arte. 1813ko abuztuaren 31n, ordea, Ingalaterrako armadak, plaza bereganatu zuenean, Donostiari su eman zion, eta hirigunea guztiz kiskali zen. Eraikin gehienak hondakin bihurtu ziren: 600 etxebizitza baino gehiago suntsitu zituzten, eta hainbat biltegi, era guztietako salgai eta produktuekin beteak. 36 eraikin soilik geratu ziren, Trinitate kalean (egun, Abuztuaren 31 izena du).

Arrazoi hori dela medio, garai zaharrenetako eraikin gutxi daude egun Alde Zaharrean. Suteak kiskali ondotik, guztia berreraikitzen hasi ziren. Ugartemendiaren proiektua erabili zuten horretarako, eta saiatu ziren hiriaren antolamendua eta banaketa garaiko beharretara egokitzen. Ingelesek kiskali zuten hiriaren hedadura bera eman zioten hiri berrituari. Eraikin guztiak oso antzekoak dira Alde Zaharrean, Udalak arau zorrotzak jarriak baitzeuzkan. Oina karratua dute, eta kaleak paraleloak dira. Erdi-erdian, plaza handi bat du, Erdi Aroko plaza publikoen modukoa.

Bizilagunek egin zuten presioaren ondorioz, harresiak eraitsi egin zituzten, eta Oiartzun-Lezo-Errenteria defentsa lerroa sortu zuten. 1863ko maiatzean, hiria handitzeari ekin zioten, eta Antonio Cortazarrek gidatu zuen proiektua. Lehen fasean, inguruko hondar eremuetan eta paduretan eraiki zuten. Lanik gehienak iraileko itsaso biziak hasten zirenean egiten zituzten, orduan jaisten baitzen gehien itsasoa. Padura horietan eraiki zituzten Amara Zaharra eta Berria, eta Anoetako behe-ibarra ere bai. Anoetan portu txiki bat ere izan zen, beste hainbat lekutan bezala. Astigarragara bitarte, dozena bat portu baino gehiago izan ziren, Urumea ibaian barrena joan-etorri handia izaten baitzen.

Eraikin nabarmenen artean, honako hauek bereiz litezke: Koruko Santa Mariaren eliza barrokoa eta San Bizente eliza (1551koa da, hiriko monumenturik zaharrena), San Telmo monasterioa (egun museoa da), Konstituzio plaza, Udal Liburutegia (lehen udaletxea zen), Aquariuma eta Itsas Museoa, Motako gaztelua...