Bilbo

FITXA

Izena: Bilbo

Herria: Bilbo

Eskualde: Bilboaldea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

1300. urtean sortu zen Bilboko hiribildua (Diego Lopez de Harok sortu zuen, Bizkaiko jaunak). Nerbioi ibaiaren eskuin aldeko ibar batean dago, Begoñako elizaurrearen lurretan. Antzinako gune hori harresiz inguratua zegoen, eta Bilboko gaztelua zuen inguruan (San Anton eliza eraiki zuten gero toki horretan). Ibaiaren bi ertzak lotzen zituen zubia ere ez zegoen urruti.

Hasiera hartan, hiru kalek osatzen zuten hirigunea: Somera edo Goienkale, Artekale eta Dendarien kaleak. Hiribildua, ordea, azkar handitu zen, eta beste zenbait kale egin behar izan zituzten: Belostikale edo Arraindegien kalea, Harategien kalea, Barrenkale Behekoa eta Barrenkale Goikoa. Horrelaxe sortu ziren Bilboko Zazpikaleak (oraindik ere ageri dituzte Erdi Aroko egitura eta banaketaren ezaugarriak). Kale eta etxe multzo horrek harresia zuen inguruan, eta oraindik ere bada haren arrastorik; izan ere, Erronda kalean, harresiari atxikita eraiki zituzten zenbait etxe. Bilboko harresiak bazuen erronda egiteko pasealeku bat, eta hantxe dago, hain justu, Erronda kalea.

Hiribilduaren egitura nahiko erregularra da, eta batasuna ere baduela esan liteke: Zazpikaleak eta, horiek lotzeko, zeharkale eta pasabideak. Garai hartan, Santiago eliza zen Bilboko gune erlijioso nagusia (egun katedrala da); Zazpikaleen mutur batean zegoen, eta Santiagoko ermita zaharraren gainean eraiki zuten. Harresi barruan zegoen beste eliza San Anton eliza zen, eta horixe agertzen da hiribilduaren armarrian, antzinako zubiarekin batera.

XVII. eta XVIII. mendeetan asko handitu zen Bilbo, merkataritza jardueren eraginez, batik bat, eta Bizkaiko jaurerriko lehen hiribildu bihurtu zen. Hiribildua txiki geratu zen, eta zabaldu eta hedatu beharra zegoen, harresiz kanpora egin ere. Zamudioko aterantz eta San Nikolas eta Areatzako errebaletarantz jo zuten. Garai horretako eraikinen artean, Jesusen Lagundiak zeukan ikastetxea nabarmendu behar da, batetik (Arkeologia, Etnografia eta Historiako Euskal Museo da egun), eta, bestetik, Joan Santuen eliza.

XVIII. mendearen erdialdean, arrantzaleen antzinako ermitaren gainean, Areatzan, San Nikolas eliza eraiki zuten. Burtsa jauregia ere garai hartakoa da; Andra Maria kalean dago, eta Salazartarren dorrea zegoen lekuan eraiki zuten. Mende horren bukaeran eta XIX.aren hasieran, hiria apaindu beharrez eta garbitasun kontuak zaindu beharrez, iturriak eraikitzen hasi ziren. Ordukoak dira Paret-en iturria eta Txakurraren Iturria.

Poliki-poliki, Areatzak garrantzi handiagoa hartu zuen, garrantzi ekonomiko eta soziala. Areatza padura izana zen, eta XVIII. mendean hasi ziren han eraikitzen. XIX. mendean, Plaza Barriko lanak egin zituzten (etxetxo eta baratze batzuk zeuden inguru hartan), eta handik aurrera, etenik gabe etorri ziren eraikinak bata bestearen atzetik, eta horiek etenik gabe aldatu zuten hiriaren itxura: Bilboko Bankua, Arriaga antzokia eta Bidebarrieta liburutegia (El Sitio elkartearen antzinako egoitza izan zen).

XX. mendeko lanik garrantzitsuenetako 1927an egin zuten; orduan eraiki zuten Erriberako Merkatua (Pedro Ispizua bermeotarra izan zen arkitektoa), Zazpikaleen eta ibaiaren artean, hiriguneko plaza zaharra egon zen eremuan. 1928an, Areatzako Kioskoa egin zuten, eta orduan ere Pedro Ispizua izan zen arkitektoa.