Bermeo

FITXA

Izena: Bermeo

Herria: Bermeo

Eskualde: Busturialdea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Bermeoko hiribildua Bizkaiko kostaldean dago, Sollube mendiaren magalean, eta Matxitxako lurmuturraren eta Gernikako itsasadarraren artean. XI. mendearen erdialdean dagoeneko bazen lekuaren berri, nahiz eta hiribildua bera 1236. urte inguruan sortu zen. Bizkaiko jaunak, Diego Lopez de Harok, eta haren emazteak, Urraca andreak, eman zioten hiribilduaren titulua. Bilbo sortu zen arte, Bermeo izan zen Bizkaiko hiriburua, eta urteen joanean, gero eta pribilegio gehiago eman zizkioten Bermeori, bai Bizkaiko jaun-andreek, bai Gaztelako errege-erreginek. Horren ondorioz, XIII. eta XIV. mendeetako hiribildurik garrantzitsuena izen zen Bizkaian. Fernando Katolikoak, esaterako, "Bizkaiko Buruaren" titulua eman zion 1476ko uztailaren 31n.

XV. mendetik aurrera, ordea, gainbehera hasi zen hiribildua. Bilboko portua itzal egiten hasi zitzaion, Bizkaiko banderizoen borrokek kalte egin zioten, eta suteek behin baino gehiagotan kiskali zuten (1297an, 1347an, 1360an, 1422an gertatu ziren). XIX. mendea arte, harresian barruan bizitzen jarraitu zuen jendeak. 1820tik aurrera, ordea, eta, batez ere, XX. mendetik aurrera, harresiak eraitsi eta hirigunea zabaltzen hasi ziren.

Bermeoko gune historikoak berebiziko garrantzia du Bizkaiko historian, bakana baita. Nahiz eta hainbat aldaketa egin izan dizkioten, eta aski modu desegokian, oraindik ere eusten dio Erdi Aroko egiturari. Lau kale nagusi zituen, eta goitik behera egiten zuten, Artzako hondartza izan zenerantz. Kale batetik bestera igartzeko, zeharkaleak egin zituzten. Harresiak zeukan ateetako bat oraindik ere zutik dago: Doniene edo San Joan portalea, XV. mendean eraikia.

Hirigunetik ekialdera, Portu Zaharra dago. Portu hori XVI. mendean egokitu zuten, berez zegoen portu-itsasadarra, Euperne deuna izenekoa, abiapuntu hartuta. Hegoaldean, Ate Nagusia dago, Lamera parke handiaren aurrez aurre (hortxe zegoen Artzako hondartza).

Hirigunearen barruan, Sabino Arana enparantza da leku nagusia, eta haren inguruan ageri dira udaletxea eta Andra Mari eliza. Bermeok baditu beste zenbait eraikin bitxi eta interes handikoak: Euperne deuna eliza, Ertzilla dorrea (hiribilduaren leku estrategikoetan eraiki zituzten dorre guztietatik, horixe bakarrik geratzen da), portu zaharreko iturria (Pizkunde garaikoa da, eta Bizkaian dagoenik eta zaharrenetakoa; urte askoan handik hartu izan zuten itsasontziek ura), Talaiako etxea (Bermeoko etxebizitzarik zaharrena).

Portu Zaharreko etxebizitzek -arrantzale etxeak dira- badute nolabaiteko batasuna itxuran eta egituran. Etxe luze eta estuak dira, eta balkoi beiradunak dauzkate aurrealdean. Gainerakoan, ez dira hiru bao baino gehiago ageri aurrealde horietan.