Balmaseda
FITXA
Izena: Balmaseda
Herria: Balmaseda
Eskualde: Enkarterriko Haranak
Herrialde: Bizkaia
Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa
hiribildua.Época: Erdi Aroa
1199an eman zioten Balmasedari hiribilduaren forua. Bizkaian sortu zen zaharrena dugu, beraz (dokumentuek, behintzat, hala diote). Enkarterrien hegoaldean dago, Kadagoa ibaiaren ibarretako batean (betidanik pasabidea izan da eremu hori), eta erromatarren garaitik, lotura egiten zuen Gaztelako Goi-ordokiaren eta Bizkaiko Golkoko portuen artean. Merkataritza harremanek joan-etorri asko ekarri zituzten, eta asentamenduak sortzen hasi ziren inguru hartan (juduek ere sortu zuten berea hiribilduaren errebalean), eta hiribildua handitu egin zen. Donejakue bidean ere garrantzi handia izan zuen, kostaren eta Donejakue bidearen beraren lotura egiten baitzuen.
Balmaseda harresiz inguratua egon zen. Harresi hark eremu handia hartzen zuen, eta garai hartan gaztelua nabarmentzen zen. Etxebizitzak beheko aldean soilik zeuden, erribera inguruan. Dirudienez, hiribilduak kale bakarra zeukan jatorri hartan, Kale Zaharra (egun, Martin Mendia kalea da). Geroztik egin zituzten Erdiko Kalea edo errege bidea (egun, Pio Bermejillo) eta Aiztogile kalea (egun, Hedegile kalea). 1487a baino lehen, egina zuten Aldapako Kalea edo Goiko Kalea. Egun ere hortxe daude kale horiek, eta egitura bera ere ordukoaren antzekoa da ia bere osoan (San Severino plaza dute mutur batean, eta Plaza Zaharra edo Foruen Plaza bestean); zeharkaleek lotzen dituzte lau kale horiek.
Erdi Aroko egiturari jarraiki egin zituzten oinetxe asko izan arren -aurrealdean estuak eta barrualdera sakonak-, eraikin gehienak XIX. mendeko tipologiaren arabera eginak daude: beheko solairua eta beste bi edo hiru dituzte etxe gehienek.
Gune historikoan ageri den elementurik nabarmenena -zaharrena ere bai- Zubi Zaharra da, San Severino elizarekin batera (XV. mendekoa). Zubi Zaharra Erdi Arokoa da, hiru arku ditu, eta dorre bat. Horrez gain, hiribildura sartzeko ateetako bat hantxe dago. Hiribilduko udaletxea ere nabarmentzeko modukoa da, eta beste zenbait eraikin ere bai: Buniel eta Urrutia jauregiak, San Severino plazako iturri publikoak, San Joan del Moraleko eliza, San Joan plazako ikastetxe publikoak, eta abar.