Artziniega

FITXA

Izena: Artziniega

Herria: Artziniega

Eskualde: Aiarako Kuadrila

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

Tipologia Zehatza: Ermita

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Artziniega garai batean bidegurutze izan zen, Gaztelako goi-ordokia eta Bizkaiko eta Kantabriako portuak lotzen zituzten bideen artean, hain zuzen (leku paregabean zegoen, beraz). Horrexegatik, Araba iparraldean leku gutxi ziren Artziniegak adinako garrantzi estrategiko eta ekonomikoa zeukatenak.

1272an sortu zuten (koroarena zen orduan); 1371n, Aiara etxekoen esku geratu zen, haien jaurerriko herri gisa, eta halaxe jarraitu zuen 1817 arte. Aiaratarren jaurerrian egon arren, ordea, administrazio berezko eta independentea eduki zuen, Aiara eskualdearen administraziotik bereizia.

Artziniegako gune historikoaren ezaugarriak Erdi Aroko hiribildu batenak dira. Erliebea halakoxea zelako, harkaitz batean eraiki zuten, Jasokundeko Ama Birjinaren eliza erdigunetzat hartuta (garai batean gotorleku izan zen). Garai hartan, hiru kale nagusi zituen, ekialdetik mendebaldera zihoazela: Beheko kalea, Erdiko kalea eta Goiko kalea (mutur batean eliza du eta bestean Goiko plaza). Hiru kale horiek zeharkaleen bidez lotzen zitzaizkion elkarri, eta batetik bestera zeuden gorabeherak oztopo bihur ez zitezen, eskailerak eta aldapatxoak egin zizkieten. Inguru guztian harresia zuen, eta dorretxeak leku jakinetan jarriak: sarbideetan eta herrira iristeko bideetan.

Erdi Aroko egitura duten etxeak oraindik ere ageri dira. Fatxada estua dute etxe horiek, baina barrualdera hedatzen dira. XVII. eta XVIII. mendeetako jauregiak ere, Pizkunde eta Barroko garaikoak, oso garrantzitsuak dira (gehienak izkina egiten duten orubeetan daude). Azkenik, XIX. mende bukaerako jauregitxoak nabarmendu behar dira. Eraikin horiek lorategia eduki ohi dute patioan, eremu publikoarekin muga eginez.

1983an hasi ziren Erdi Aroko gunea zaharberritzen, kaleetako zorua barne, eta horri esker, kale nagusietako harbide zaharra berrituta geratu da. Harresi zatietan ere egin zituzten berritze lanak, eta gune historikora eman zuten sarbideetan ere bai.

Eraikin interesgarrien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak Artziniegan: Jasokundeko Ama Birjinaren eliz parrokia; Molinillo de Velascotarren dorretxea; Valletarren etxea eta Erdiko kaleko 8. zenbakian dagoena; Aranguren jauregia; garai bateko udaletxea, Goiko plazan dagoena...