Arrasate
FITXA
Izena: Arrasate
Herria: Arrasate
Eskualde: Debagoiena
Herrialde: Gipuzkoa
Tipologia Orokorra: Casco histórico medieval
hiribildua.Época: Erdi Aroa
1260an sortu zuten hiribildua, Arrasate izeneko tokian, Leintz eta Aramaio haranen elkargunean. Santa Barbara muinoaren magalean eraiki zuten. Muino gainean gaztelua egon zen garai batean, leku estrategikoa baitzen: Deba haranaren korridorean zegoen, eta kostatik Gaztelako goi-ordokira, eta goi-ordokitik kostara joateko, ezinbestekoa zen handik igarotzea. 1353an, Garagartzako, Santa Agedako, Udalako eta Uribarriko elizateak atxiki zitzaizkion Arrasateri.
Bandoen arteko gerrak zirela eta, gatazka gogorrak izan ziren Arrasaten, eta 1448an, Oñatiko jaunak su eman zion, eta ia erabat suntsitu zuen. Hurrengo mendeetan, Arrasatek ospe handia hartu zuen; hango burdindegiek egiten zuten altzairuak eman zion halako izen ona hiribilduari, oso kalitate onekoa baitzen. Kale nagusietako batek Ferrerias kalea du izena, eta horrek ere adierazten du jarduera horrek zer-nolako indarra izan zuen Arrasaten.
Erdi Aroko hiribilduak elipse forma du, eta goitik behera eraiki dago, halaxe eskatzen baitzuen mendi magalak. Hiru kale nagusi ditu, eta bi zeharkale. Erdiko Kalea da ardatz nagusia (errege bidea izan zen garai batean), eta hirigunearen beheko aldetik abiatzen da. Iturriotz kalea eta Ferrerias kalea ditu ezker-eskuin, eta Zurgin eta Olarte zeharkaleek mozten dute Ferrerias kalea, hasi Erdiko Kaletik eta harresia egon zen ertzeraino.
Hirigunearen erdian plaza dago, antzinako hilerriaren gainean, eta plazaren alboetan, Arrasateko bi eraikinik adierazgarrienetakoak: San Joan Bataiatzailearen eliz parrokia eraikin gotikoa, XVI. mendeko dorre gotortu eta guzti, eta udaletxea, Martin Carrera arkitektoak eginiko eraikin barroko bikaina.
Hiribildua harresiz inguratua egon zen, eta barnealdera sartzeko bost ate genituen hasiera batean baina garai hartako hiruk iraun dute gaur arte: Portaloiko atea, Zurginkantoikoa, zaharrena, eta Kontzesinoko atea. Hauek gauero itxi eta goizero zabaltzen ziren eta sute kasuan itxi egiten zituzten bertako biztanleriak sua itzaltzen lagundu zezan.
Eraikinik gehienak XIX. mendekoak diren arren, badira jauregi itxurako zenbait eraikin ere, Pizkunde garaikoak batzuk eta barrokoak besteak. Horien artean, Bañez Artazubiagakoen etxea nabarmentzen da. Harresiz inguratua zegoen gunetik kanpo, gertu-gertu, hala ere, San Frantzisko komentua osatzen duen eraikin multzoa dago (eliza, klaustroa eta komentua bera).