Agurain

FITXA

Izena: Agurain

Herria: Agurain

Eskualde: Aguraingo Kuadrila

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Alfontso X.ak sortu zuen Aguraingo hiribildua, 1256an, mendi bizkar batean. Erdi Aroko herrien egitura dauka: hiru kale paralelo eta bi eliza-gotorleku muturretan (Santa Maria iparrean eta San Joan hegoan). Eliza horiek harresiaren lagungarri ziren, eta bi sarbide babesten zituzten, bakoitzak mutur batekoa.

Kale nagusia da guztietan zabalena, erdikoa. Albo banatan dituen beste bi kaleak, Zapatari eta Harategi kaleak, estuagoak dira, eta tartean-tartean plazatxoak dituzte. Zapatari kalean, Udaletxeko eta San Simon Abadeko plazatxoak daude, eta Harategi kalean, merkatuko antzinako plaza edo mojena. Kale batetik bestera joateko, zeharkaleak daude, eta harresiko pasabideetaraino iristen dira (pasabide gehientsuenak egoera onean daude).

Kale Nagusian eta Zapatari kalean, etxeak bi ilaratan jarriak daude, eta gainerakoetan, ilara bakarrean. Erdi Aroko etxeek hiru solairu dituzte, eta manposteriaz edo adreiluz eginak daude, eta egurrezko egitura ere izaten dute. Jauregi ukitua duten etxeetan, harlandua ageri da izkinetan, baoetan eta fatxadetan. Hegalak eta ateak egurrez eginak izaten dira, eta balkoiak eta orotariko hesiak, burdinaz. Teilatua bi isurikoa izaten dute, eta teila arabiarrak.

Agurainen aurkituko ditugun egiturarik berezienak olbeak dira, edo etxeen hormetan barrena doazen galeriak. Egurrezko edo harrizko zutabeen gainean daude, arkuz estalitako kale bat osatzen dute Erregearen Atetik hasi eta udaletxeraino.

Deigarria da Agurainen zenbat jauretxek duten armarria (Pizkunde eta Barroko garaikoak dira). 1564tik aurrera eraiki zituzten etxe horiek, urte horretan, izan ere, hiribilduak su hartu zuen, eta alderdi asko suntsitu zituen.

Agurainek dituen eraikin interesgarrienak honako hauek dira: harresiak, San Joan eta Santa Maria elizak, Azkarraga, Begoña eta Luzuriaga jauretxeak. Kale Nagusian barrena dauden etxeak ere aintzat hartzeko modukoak dira.