La Quadra dorrea
FITXA
Izena: La Quadra dorrea
Herria: Gueñes
Helbidea: La Quadra de ariba, 4
Auzotegi: La Quadra
Eskualde: Enkarterriko Haranak
Herrialde: Bizkaia
Tipologia Orokorra: Dorretxea
Mendea: XV
hiribildua.Época: Erdi aroa
Estiloa: Gotikoa, Errenazentista
Quadra auzoa Kadagoa ibaiaren eskuineko ertzeko hegal batean dago, eta handik Salzedo haraneko sarreretako bat ederki ikusten da. Auzoaren goiko aldean Quadrako dorrea dago. Eraikinaren bolumen handia are nabarmenago geratzen da ondoko baserriaren aldamenean, eta Erdi Aroaren amaierako urteetan oso ohikoa izango zen irudia osatzen du.
Quadra konplexutasun handiko gotorlekua da. Multzo osoa zabaldi batean dago: kanpoko hesiak 360 m2-ko esparru zabal bat mugatzen du, eta bertako harresiak oinalde txiki batean finkatuta eta manposteriaz eginda daude; angeluetan harlandua erabili zuten.
Atzeko aldeko harresiari dorretxo bat erantsi zioten XIX. mendean; dorretxoaren erradioa txikiagotzen doa behetik gora egin ahala, eta barrualdea hutsik dago.
Harresiaren eta dorrearen arteko gunean, eraikin osoa defenditzeko baliagarri ziren era askotako elementuak daude. Sarrera atzean utzi ondoren, eskuinera jo behar da, eta patio txiki baten aurrean dagoen pasabide estu bat zeharkatu; patio hori gezileihoz eta almenaz betea dago. Han, ezkerrera jo eta beste patio batera heltzen da, eta handik pasabidez jositako gune konplexu bikain batera.
Garai batean hesia eta dorrea, zatika bada ere, lotuta egongo ziren zurezko eraikin batzuen bidez, baina egun, patiotxoak baino ez ditu horiek lotzen. Patio hori manposteriazko harresi batek babesten duen egitura handia da, eta harresiaren angeluetan harlandua ageri da. Gerora, patioaren gainean eraikin bat gehitu zuten, halamoduzko harlanduz egina, eta hainbat gezileihorekin; almena bat du horrek goiko aldean. Obra horiek egin zirenean, patiotxoaren ondoko harresi zati bat berreraiki zuten, eta bertan leiho batek argitutako gela bat egin zuten. Egun, leihoa babesten zuen hegalpea baino ez da ikusten.
Patio korapilatsu horretara heltzeko, atal bikoitzeko eskailera txiki bat igo behar da, bao zorrotz samar batera iritsi arte. Arkua atzean utzi, eta beste eskailera buru batera heltzen da; handik sartzen da dorrean.
Dorrearen gorputzaangeluzuzen antzekoa da, eta oso garaia. Harresiak manposteriazkoak dira, gehienbat hareharrizkoak, eta, tarteka, harlandua ere ageri da, batez ere goiko aldean. Angeluetan eta baoen markoetan ondo neurtutako harlanduak erabili zituzten. Barrualdean hiru solairu daude, eta piramide itxurako teilatu batek estaltzen ditu. Beheko solairuan bi sarrera daude: bata modernoa eta dintelduna ; besteak zorroztasun gutxiko arkua dauka eta dobela erradial handiak. Horrez gain, solairu horretan hainbat gezileiho daude. Lehenengo solairuak zortzi metroko altuera du, eta eraikin osoko landuena da. Patio txikitik heltzen da hara, eta bao asko ditu: gezileihoak, leiho_zorrotzak , dinteldunak eta abar.
Dena dela, ezaugarri interesgarriena eskuineko fatxadan dago. Han, Salcedotarren eta Zamudiotarren armarrien artean, bao konopial txiki apaindutako bat dago, lis lore batekin. Leiho dintelduna dauka, baina eserlekurik ez, eta hori nahiko bitxia da, kontuan hartuta bao hori familiaren armarria eramateko aukeratu zutela. Baina harrigarriena hauxe da: oso zaila da baora heltzea, zorutik begiratuta goregi dagoelako, eta beheregi, berriz, garai batean beste zoru bat zegoela pentsatzeko. Bao horren helburua argiari sartzen uztea zen, eta, batez ere, armarriak hesiaren kanpoaldetik ikusteko moduko altueran erakustea.
Bigarren solairuan gela zabal bat baino ez dago, eta fatxadetako lau leihoren argia hartzen du; laurak zorrotz samarrak dira. Horretaz gain, gainerako fatxadetan badira beste hamar gezileiho.
Dorrearen barne egitura oso sinplea da, eta solairu batetik bestera joateko atzeko harresiari erantsitako eskailera bat dago.