Itzuli orri osora

Atxega Jauregia

FITXA

Izena: Atxega Jauregia

Herria: Usurbil

Helbidea: Elizalde,z/g

Auzotegi: Elizalde

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVIII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Usurbilgo hegoaldeko muturrean, Oria ibaiaren aldamenean dago Atxega jauregia, antzina izen bereko leinuaren etxe izan zena. Berez, eraikin bakartua da, oinplano angeluzuzenekoa -kanpoko harmailadi handia izan ezik-. Bi gorputz elkarri atxikiak ditu: bata nagusia, eta oinplano ia karratua du, eta hiru bizitza eta lau isuriko estalkia; bestea txikiagoa da, bi bizitza ditu eta hiru isuriko estalkia.

Eraikina manposteria igeltsuztatuz egina dago, eta hareharrizko harlandua du kantoietan, baoetako markoetan, bizitzak bereizten dituzten lerroetan eta elementu apaingarrietan. Horrek polikromia biziko itxura ematen dio eraikuntzari. Beheko solairua zalditegia izan zen antzina. Idi begiak ditu muturretan, eta dintel trapezoidaleko ate bat erdian, sarrerako harmailadi bikoitz bikainaren azpian. Sarbidea baketoi dotorez inguratuta dago, eta Atxegatarren armarriak eteten duen frontoi kurbadunari eusten dioten pilastrak ditu alboetan. Muturretan, antzina, balkoi kareldunak zituen, bigarren bizitzako idulki erdizirkularren gainean dauden balkoiekin lerrokatuta.

Elementu apaingarrietan baoen arteko medailoiak eta atearen apaindura aipatu behar lirateke; bao horiek zirkularrak dira lehen bizitzan eta karratuak bigarrenean. Alboetako pilastren buruan estalkia dago, modiloietan bermatuta eta gutxi irtena. Elementuen harmoniak eta aberastasunak jauregiko atal interesgarriena bihurtzen dute fatxada hau. Alboetako aldeak berdin-berdinak dira; lau bao ardatz dituzte, baina soilagoak dira.

Solairuak garaiera handikoak dira eta, inguruko jauregi barrokoetan ohi denez, hutsarteen tipologia oso bitxia da (arkitektura tradizionaletik urrun samar daude). Eraikina XVIII. mendeko Gipuzkoako arkitektura aberatsaren adibide bikaina da. Multzoa edertzen duen berdegune batek inguratzen du.

Gaur egun, zaharberritze lanak egin eta gero, ostalaritzarako erabiltzen dute.

Atxega Jauregia