Kexaako Multzoa
FITXA
Izena: Kexaako Multzoa
Herria: Aiara
Auzotegi: Kexaa
Eskualde: Aiaraldea
Herrialde: Araba
Tipologia Orokorra: Dorretxea
Mendea: XIV, XVI, XVIII
hiribildua.Época: Erdi Aroa, Aro Berria
Aiarako oinetxean dagoen jauregia gotorleku gotikoa da, XIV. mendekoa. Bi solairu ditu, eta hormak manposteriaz eginda daude. Kanpora begira dituen hutsarteak 1737. urtean eginiko lanen ondorio dira. Iparraldeko aldean, leiho zabal bikiak ikusten dira; gotikoak dira, eta harriz eginiko arkua dute. Alde horretan ate bat ere bada, arkuduna. Barruko patioa edo etxartea ere berreraiki zuten, eta gaur egun han daude mojen logelak, jantokia, egongela...
On Pedro Lopez Aiara kantzilerraren dorrea ere zaharberritu egin zuten, eta gaur egun museo bihurtuta dago; hara joateko, jauregiko ate nagusitik sartu behar da.
San Joan Bataiatzailearen komentua bi solairuko klaustro karratu baten inguruan antolatuta dago. Beheko solairuak ertz gangak ditu, arku fajoiekin. Giltzarriak gurutzeekin eta armarriekin apainduta daude. Kapitulu aretoa XVIII. mendekoa da. Areto barroko handia da, eta estalkia moldurekin apaindua du (moldura horiek modu geometrikoan banatuta daude). XVIII. mendeko arkitektura zibilean oso elementu aipagarria da kapitulu areto hori.
Adatseko Ama Birjinaren kapera komentuari atxikitako dorrearen beheko aldean dago, eta Pedro Lopez de Aiala jaunak eraiki zuen, XIV. mendearen amaieran, hil kapera moduan. Sarrerako arkua zorrotza da, dobela ederrekin eta hiru arkiboltarekin hornitua.
Burualde laua du eta oinean korua. Kanoi gangaz estalita dago, fajoi arku batekin. Oineko koruak zurezko goi koru bat du, eta komentuko klausuratik joaten da bertara; horren azpian, eraiki zen garaiko oroitarri bat dago. Erretaula margotua nabarmen ageri da beste ororen gainetik; kopia bat da; jatorrizkoa Chicagoko museo batean dago. Bertan, aialatarren hiru belaunaldi ageri dira. Horiez gain, kaperan, presbiterioko harmailen azpian, erdialdean, alabastrozko lau hilobi daude: Pedro Lopez de Aiala kantzilerrarena, haren emazte Leonorrena eta beste bi seniderenak.
San Joan Bataiatzailearen eliza herriko parrokia da eta, aldi berean, komentuko eliza. Bere burualdea XVI. mendean eraiki bide zuten eta, habeartea, berriz, XVIII.ean berreraiki zen. Oktogono formako burualdea du, kanpoaldetik kontrahorma sendoz irmotua. Habearteak bost atal ditu, azkeneko biak klausurako goi koruaren gainean. Bertan XVI. mendeko bi bao nabarmentzen dira: okulu bat burualdean, erretaula nagusiko kuskuan sartua, eta leihate bat, arku zorrotzekoa, hegoaldean. Bataiategian behialako ate bat dago: elizan sartzeko igarobidea hortik zuten jauregikoek. Atean aialatarren bi armarri ageri dira. Erretaula nagusia XVII. mendeko azken hamarkadakoa da, eta habeartearen alde banatan hil eskulturak daude.
Bi kanpai horma daude. Batak arku bakarra du, eta erremate hiruangeluarra komentuko klausuran; bestea kanpoan dago, sarbideko zubiaz bestaldean, eta harlanduz egina da eta bi arku zorrotz ditu kanpai eitekoak.