Itzuli orri osora

Salazar De Los Manzanos Jauregia

FITXA

Izena: Salazar De Los Manzanos Jauregia

Herria: Erriberabeitia

Helbidea: San Joan,16

Auzotegi: Manzanos

Eskualde: Añana

Herrialde: Araba

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Landa eremuan eraikitako jauregi barrokoa da, XVII. mendekoa. Herriaren goiko aldean dago, eta fatxada nagusia Narrasko markesaren parkean dago, San Joan Bataiatzailearen elizaren ondoan.

Oinplano angeluzuzena dauka, eta hiru isuriko estalkia. Behetik gorako banaketan bi solairu ikusten dira, behekoa eta lehenengoa. Hormak manposteriazkoak ditu (kareorez estali gabe daude, eta apaindura gutxikoak dira), eta harlandua ageri da baoen markoetan, eskantzuetan eta inpostetan. Beheko solairuan ataripe handi bat dago: bi arku eskartzano ditu, beheratuak, eta pilare sendo bat erdian; alboetan, berriz, pilastrak ditu.

Lehen solairuan hiru hutsarte ikusten dira, dinteldunak. Hirurek ematen dute balkoietara (hormaren arrasean jarrita daude). Solairu horretan bertan armarri eder bat ageri da, Salazartarren eta Montoyatarren armekin.

Eskuineko aldean zurezko bi ataripe ditu, elkarren gainean jarrita, eta egutera bat eratzen dute. Plataforma horretan lehen solairuaren parean hasten den zatia garaiagoa da (estalkiraino iristen da), eta zati horretako zutabeen gainean bermatzen dira sabaiko habeak. Egitura horren azpian bi leiho eta ukuilurako sarbide bat ikusten dira. Etxe barrutik eguterara irteteko bi balkoi daude.

Ezkerreko aldean, lehen solairuan, leiho bakar bat ageri da; markoa ongi nabarmendua du, eta barlasai molduratua. Atzeko aldea, antzina, itsua zen, baina gaur egun bi leiho ditu, eta zurezko karga habe bat.

Aurreko aldean sarbide nagusia dago, dintelduna. Ezkaratz handi bat du, eta handik etxeko hainbat lekutara iristen da: sukaldea, egongela, komunak, biltegia eta ukuilua. Sarreran bertan eskailera nagusia hasten da; bi tarte ditu, eta mailak eta eskudela harrizkoak dira.

Salazar De Los Manzanos Jauregia