Itzuli orri osora

Izturitzatorre

FITXA

Izena: Izturitzatorre

Herria: Andoain

Helbidea: Karrika,10

Auzotegi: Sorabilla

Eskualde: Tolosaldea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XV, XVI, XIX, XX

hiribildua.Época: Erdia Aroa, Aro Garaikidea

Estiloa: Gotikoa, Errenazentista

Beste Izenak: Izturiaga

Tolosatik gatozela, Andoaingo udalerriaren sarreran dago Izturitzatorre, erdigunetik aparte samar, Sorabillara joateko hartzen den bidegurutzetik gertu. Jauregi handia da, nabarmen ageri da besteen ondoan. Inbasioei aurre egiteko erabiltzen zuten jauregia, bai Nafarroatik zetozenei aurre egiteko (Amasan edo Tolosan barrena sartzen ziren), bai Azpeititik zetozenei aurre egiteko (Azelaingo zubi famatuan barrena sartzen ziren).

Herri arkitekturaren ukitu nabarmena du, baina baditu elementu landuak ere, ez nolanahikoak, gainera. Aldaketak egin badizkiote ere, argi ikusten da Gotikotik Pizkunderako trantsizioan jauregi bihurtutako etxe hau defentsa etxe izan zela lehenago, oraindik ere hori erakusten duten hainbat elementuri eusten baitie.

Etxe bakartua da; oinplanoa apur bat karratua du, eta teilatua lau isurikoa.Linterna erako dorre nagusi bat du, hori ere lau isuriko teilatuarekin.

Hormak manposteriazkoak ditu; azal samarretik igeltsuztatuta daude, eta utzi samarrak ere bai eta, horregatik, harriak agerian geratzen dira. Eskantzuetan edo horma izkinetan harlandua du, eta jatorrizko baoen markoetan ere bai. Hormetan artesi ugari ditu, alde guztietakoetan, gainera. Behetik gorako banaketa honako hau du: beheko solairua, solairuartea, lehen solairua eta ganbara. Beheko solairuan sarbide bat nabarmendu behar da: zirkuluerdiko arkua du, dobelaz hornitua. Lehen solairuan, berriz, leiho konopial handi bat, eta ganbaran, hiru leihatila estu. Hutsarte berri gehien ezkerreko aldean ireki dituzte. Ganbarako hiru leihatila estuak eta hiru gingil dituen leiho txiki bat dira adierazgarrienak (azken hori itsututa dago).

Lehen solairuan, eskuineko aldean, bi leiho konopial daude. Teilatu hegala irten samarra da etxearen inguru guztian eta, horri eusteko, beso mordo bat du, harrizko modiloi txiki batzuen gainean jarrita.

Izturitzatorre