Itzuli orri osora

Iturriotz Dorrea

FITXA

Izena: Iturriotz Dorrea

Herria: Oiartzun

Helbidea: Ozentzio,21

Auzotegi: Iturriotz

Eskualde: Oiartzualdea

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Dorretxea

Mendea: XVII

hiribildua.Época: Erdi Aroa, Aro Berria

Estiloa: Errenazentista

Iturriozko dorrea Erdi Aroko dorre bikaina da. Gudarako erabiltzen ziren elementu batzuk galdu baditu ere, almenak edo zurezko estalpe gotortu bat, esaterako, bi alde nagusiek aldaketa gutxi izan dute, eta eraikinak ia osorik iraun du. Oinplano angeluzuzeneko eraikin bakartua da, lau isuriko estalkia du, eta Iturriotz plazatik hurbil dago.

Alde nagusia harlanduzkoa da. Zenbat eta gorago egin, orduan eta txikiagoa da harlanduen tamaina; ganbarara iristerako, manposteria bihurtu dela esan liteke. Gainerako aldeak manposteriaz eginak daude, eta harlandua dute hutsarteetako markoetan eta kantoietan. Beheko solairua, lehenengoa eta ganbara ditu.

Alde nagusian, antzina dorre gisa izan zuen betekizuna gogoratzen duten elementuak aipatu behar dira: garaiera desberdinetan ageri diren hiru modiloi lerroak, zaldiak lotzeko uztaiak eta ezkerreko harlanduzko pieza, zurezko estalpe gotortuari eusteko. Bestetik, fatxada estuak ez du inongo antolamendu jakinik, eta bertan ageri diren hutsarte bakanak beharrak aginduta ireki dituzte.

Beheko solairuaren erdian, itxitako bi gezi leiho edo saieterarekin batera, dobelaz hornitutako sarrera zorrotz bikaina ikusten da. Moldura finez inguratuta dago, hondatu samarra beheko aldean. Dobela bakoitzak erliebe txiki bana du, nekazaritza munduko irudiekin. Giltzarrian, IHS bat ageri da, goian bi gurutze dituela.

Lehenengo bizitzak bi leiho ditu, bata konopiala eta bestea bikoitza, mainelik edo haberik gabea eta hirulobulatua. Lehenengo bizitza horren eta gainekoaren artean, eskuineko aldean eta atzekoan ere bai, moldurak ikus daitezke. Ganbarak leiho konopial txiki bat besterik ez du.

Eskuineko aldeak, beheko solairuan, zirkuluerdiko sarbide estu bat du, dobeladuna, eta eraikinari atxikitako eskailerak lehenengo bizitzako sarbideraino iristen dira; hori ere dobeladuna da, eta arku zorrotzean dago. Sarbide honen giltzarriak beste IHS bat du. Ganbara aldatuxeago dago, eta leihatila konopial bat eta leiho habedun hirulobulatu arrunt bat ikus daitezke. Atzeko aldeak aldaketa handiak izan ditu, eta kantoien goialdean ageri diren gargolak dira elementurik aipagarrienak.

Iturriotz Dorrea