Itzuli orri osora

Ipinarrieta Jauregia

FITXA

Izena: Ipinarrieta Jauregia

Herria: Urretxu

Helbidea: Santa Barbara Errepidea,z/g

Auzotegi: Irimo Mendialdea

Eskualde: Goierri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Irimo mendiaren hegoaldeko aldapan dago Ipiñarrieta jauregia, Urretxu herrian hasten den bide bihurritik gora abiatu eta Santa Barbara baselizara heldu baino lehen. Kristobal Ipiñarrietak eraiki zuen, XVII. mendearen hasieran. Aldi berean Urretxuko hirigunean beste bat eraiki zuen (gaur egungo udaletxea). Kristobal Ipiñarrieta Felipe III.a erregeren gortean idazkari zen, eta Morako konde titulua jaso zuen.

Jauregia Oinplano karratuko eraikin bakartua da; beheko solairua, lehenengoa eta ganbara ditu, baina, maldan dagoenez, lau aldeetatik bitan solairu bat gehiago dauka (erdisotoa). Eraikinaren erdian, berriz, neurri txikiagoko gorputz bat goratzen da teilatuaren beraren gainetik, eta eskaileraren goitik beherako egitura argitzen du. Alde nagusiko eta ezkerreko hormak harlanduzkoak dira, eta besteak manposteriazkoak. Baoetan, eskantzuetan eta inpostetan harlandua dauka.

Alde nagusia da interesgarriena. Bost baoardatzetan banatuta dago; haietako garrantzitsuena erdikoa da, hor baitago sarbidea. Sartzeko atea dintelduna da, eta mailakatutako eta kuxinduriko dobelaz hornitua dago. Gainean, marmol zuriz egindako bi armarri bikain daude, Ipiñarrietarren armekin. Honako idazki hau ere ageri da: "Soli Deo Honor et Gloria" ("Ohorea eta aintza Jaungoikoari soilik"). Goiko baoek zizel lan aipagarriak dituzte, eta nabarmentzekoa da, halaber, gingilak dituztela marko moduan.

Barruko elementurik garrantzitsuena eskailera da, Carrarako marmolaz egina. Eraikinaren garaiera kontuan hartuz, Gipuzkoako eraikin dorredunen antzekoa da, baina ez du zerikusirik landa eremuko eraikin haiekin, diseinu orokorra gehiago baita hiriguneko eraikin batena.

Ipinarrieta Jauregia