Itzuli orri osora

Saroe Jauregia

FITXA

Izena: Saroe Jauregia

Herria: Usurbil

Helbidea: Kale Nagusia,29

Auzotegi: Elizalde

Eskualde: Donostia-Beterri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Jauregia

Mendea: XVII

hiribildua.Época: Aro Berria

Estiloa: Barrokoa

Beste Izenak: Soroa Jauregia

San Salbador elizaren aurrean dago Saroe jauregia, lorategi handia ondoan duela; zati batzuetan, manposteriazko hormak eta burdin hesiak inguratzen dute jauregia.

Saroe jauregia eraikin bakartua da, oinplano karratukoa, lau isuriko estalkiarekin. Beheko solairua eta beste bi gehiago ditu. Alde nagusia hareharri landuz egina da, eta hutsarteak sei ardatzetan banatuak ditu, simetrikoki jarriak.

Sarreran arkupea du, bi arku karpanelekin; horiek babesteko, burdin hesi eder bat du, zeinak arkuarteetan astroen irudiak baititu zizelkaturik. Arkuen bi alboetan, berriz, leiho hesituak daude. Beheko solairua eta lehenengoa bereizteko platabanda bat du, erronboekin eta moldura handi batekin apaindua. Moldura horren gainean daude lehen solairuko balkoiak, bai erdiko ardatzak hartzen dituen balkoi jarraitua, bai bi muturretako balkoiak. Gainerako bi ardatzetan, balkoi kareldunak ageri dira.

Goiko solairua platabanda molduratu batek bereizten du lehenengotik, eta hutsarteak balkoi kareldunak dira. Goiko aldean, harri molduratuz eginiko erlaitza du, eta zurezko hegala, harburu zizelkatuekin. Izkinek eta hutsarteek kuxindurak dituzte, eta horrek edertu egiten du fatxada.

Armarria ere badu, bigarren solairuan, hormaren erdian. "Soi casa solar de Saroe" ("Saroe oinetxea naiz") irakurtzen da bertan. Leinu horretako kideek Navas de Tolosako guduan parte hartu zuten, 1212an, eta irabazi egin zieten mairuei. Horregatik, armarriak gurutze loreztatu bat du, Calatravakoak bezala.

Gainerako aldeak xumeagoak dira. Alboetan leihoak eta balkoi kareldunak ditu, nahiko modu irregularrean banatuak. Atzeko aldean ez da berdin gertatzen; alde horretan, balkoi irten eta jarraituak dira hutsarteak, eta horien alboetara beste balkoi batzuk ageri dira, kareldunak. Atzeko aldeak zuhaitzez betetako lorategi handi batera darama (eskuineko aldean jarraitzen du lorategiak).

Saroe Jauregia