Itzuli orri osora

Sarobe-Lete

FITXA

Izena: Sarobe-Lete

Herria: Ezkio-Itsaso

Auzotegi: Ezkio

Eskualde: Goierri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Baserria

Mendea: XVI, XIX

hiribildua.Época: Aro Berria

Beste Izenak: Salete Baserria

Eraikin honen egitura bikaina da, XVI. mendeko eraikinetan ikus daitekeen osoenetakoa. Gainera, oso baldintza onetan iraun du. Mendi piko baten bizkarrean dago baserri hau, Ezkiogako eliz parrokiaren ipar-mendebaldean, Zumarragako mugatik gertu. Jatorrizko egiturari eta banaketari eusten dio Sarobe-Lete baserriak, eta bizilekua ere jatorrian zuen lekuan du, eta orduko neurriekin.

Baserri familia-bakarra da, oinplano angeluzuzenekoa; estalkia zurezkoa du, isuri bikoa, eta teilatu gailurra alde nagusiari buruz perpendikularra da. Bi solairu eta ganbara ditu, eta hormak manposteria kareztatuzkoak dira.

Alde nagusia hego-ekialdera begira dago, eta lehen solairuko bi herenetan eta pinoian antzinako erara landutako zura ageri da, eta irregularki banatutako zenbait hutsarte, ateei eta leihoei dagozkienak. Alde horren zati batean berriki erantsitako gorputz bat ikusten da. Hego-mendebaldeko aldea ere manposteriazkoa da, eta hor ere ateen, balkoien eta leihoen hutsarte irregularrak daude, ordenarik gabe banatuta. Ipar-ekialdeko aldea, berriz, malda-maldan dago, eta apenas ikusten den. Alde horretatik lastategira sartzen da zuzenean, sarbide handi batetik. Ipar-mendebaldera ematen duen aldea harlanduxkaz egina dago, eta ez dauka hutsarterik.

Eraikin honen barruko aldea atal bakarreko hogei zutoinen gainean bermatuta dago. Zutoin guztiak haritzezkoak dira, eta horietako bost hego-ekialdeko fatxadaren manposteriazko egituran barneratuta daude. Zutoinak, beheko solairuan, harrizko zapaten edo oinarrien gainean bermatzen dira. Ardatz horiek egitura berezi-berezi bati eusten diote: IE-HM noranzkoan doazen sei hormarteri eta HE-IM noranzkoan doazen hiruri.

Bizilekua eraikinaren hego-mendebaldeko zatian dago, eta beheko eta lehenengo solairuen heren bat hartzen du. Bizilekua dagoen zati horretan soilik erabili zuten manposteria eta adreilua. Gainerakoak haritz zurez eginak daude (ukuiluak, askak, lastategia eta ganbara). Ganbararen zati bat hurritzez eginiko txirikorda batek ixten du (estalkipeko gapirioetaraino iristen da). Gapirio gehienak jatorrizkoak dira, eta horien gainean daude latak, asko eta asko berriak.

Ukuilua gaur egun ere erabiltzen dute, eta manposteriaz eta zurez eginiko aska antzinakoak ditu. Eraikin nagusiaren ipar-ekialdean ogia egiteko labe zahar bat du atxikia (gaur egun ere erabiltzen dute).

Barruko aldean XVI. mendeko kutxa bat dago, eta garai bereko ontzitegi edo apal batzuk ere badaude. Gaur egun baserriaren jabeak bizi dira bertan. Nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduten dute orain ere.

Sarobe-Lete